Muñozek zahar-etxeetako ordezkariak zoriondu ditu Bizkaiko Sektoreko Hitzarmena lortzeko egindako lanagatik

2014/04/01
Muñozek zahar-etxeetako ordezkariak zoriondu ditu  Bizkaiko Sektoreko Hitzarmena lortzeko egindako lanagatik
Adolfo Muñoz "Txiki", ELAko idazkari nagusiak parte hartu du gaur goizean zahar-etxeetako ordezkariek Sektoreko Hitzarmena aurkezteko egindako batzarrean. Muñozen hitzetan egindako lanak merezi izan du eta zoriondu ditu arlo honetako ordezkari eta langileak. Era berean, Bizkaiako Foru Aldundiak izandako jarrera txalotu du

ELA sindikatuak, Bizkaiko adinekoen zentroetako langileen hitzarmena berriztatzeko negoziazioan %63ko ordezkaritza duenak, gaur lortutako aurre akordioaren aurrean zera adierazten du:

  • AURRE AKORDIOAREN EDUKINAK POSTIBOKI BALORATZEN DITU. Aipatu akordioak, eduki ekonomiko (2014: KPI+1 eta 2015: KPI+0,8) eta sozialak hobetzeaz gain (ordaindutako baimenak eta dependentzia kasuetarako eszedentzia handitu eta luzatzen ditu), Zapatero eta Rajoyren erreformei aurre egiten die; aipatu hitzarmenaren testuari hori ordezkatuko duen beste hitzarmen bat izan arte aplikazio bermea ematen zaio (ultraaktibitate mugagabea), akordioa ez aplikatzeko dauden bideak ixten ditu eta arbitraiaren prozedura soilik, bi aldeek nahi izanez gero erabili ahal izango da. Beraz, akordioak erreforma lan zentroetan sartzea galarazi eta orain arteko lan baldintzak mantendu eta hobetzen ditu, eta bere aplikazioaren bermea, Bizkaiko Foru Aldundiak enpresa pribatuekin oheak kontzertatzeko erabilitako prozedura bidez jasota gelditzen da. Beraz, lan baldintzak hobetu eta hauek lan zentroetan aplikatzeko bermeari ELAk bere babes osoa ematen dio. Gogoratu, sektoreko hitzarmen honek, Bizkaiko lurraldeko egoitzetan, eguneko zentroetan, etxebizitza komunitario eta pisu tutelatuetan lan egiten duten 6.500 langileren lan baldintzak arautzen dituela.

  • BIZKAIKO FORU ALDUNDIAK DAGOKION ARDURA ONARTU DU. ELAk, garbi izan du eta urteetan zehar hala salatu du, adinekoen zentroetako lan gatazkaren oinarria zaintza zerbitzua pribatizatzeko erabaki politikoan dagoela; alegia, langileen lan baldintzen okertzea ekarri du honek, enpresarien mozkinak handitze aldera, honek zerbitzuaren kalitatearengan izan duen galerarekin batera. Zentzu honetan, orain arteko foru gobernuek gatazkaren arrazoia langile eta enpresarien arteko gatazkan kokatu izan dute, euren ardura ekidituz. Aldiz, egungo foru gobernuak, ELAren interpelazioa kontutan hartuz, bere gain hartu du zerbitzuaren ardura eta bertako langileen lan baldintzak hobetu eta mantentzearena, kalitatezko zaintza zerbitzua mantendu eta hobetzeko. Horrela, Diputazio honek enpresa pribatuekin oheak kontzertatzeko erabiltzen duen prozeduran, hitzarmenaren aplikazioa bermatzen du. ELAk BFAren jarrera aitortu eta positiboki baloratzen du.

  • URTEETAKO BORROKAK BALIO IZAN DU ETA HORRETAN JARRAITUKO DUGU. Ezaguna da, ELAk urteetan eta azkeneko boladan Bizkaiko adinekoen zentroetan burututako greba eta mobilizazioen oihartzuna. Ez dira alferrik izan hauek eta atzetik etorri diren erreforma eta murrizketei aurre egiteko, burutu ditugun greba orokorrak. Gaur lortutako akordio sektoriala eta egungo foru gobernuaren jarrera, horien emaitza dira.