Mahai Orokorreko abenduaren 22ko bilerari buruzko balioespena

2011/12/23
Aurreikusitako gidoiari estu-estu jarraitu diote.

Mahai Orokorraren atzoko bileran —seguru aski aurtengo azkena—  Gobernuak argi eta garbi utzi zuen zein izango ziren herri-langileontzako “zigorrak”: 

  • Soldatak izoztu —bi urtez soldatak murriztu ondoren, guztira eroste-ahalmenaren %13ko galera—.
  • Madrildik etor daitezkeen murrizketei atea irekita utzi.
  • Borondatezko erretiroagatik ematen ziren primak eten.
  • Ordezpenik ez egin.
  • Gaixotasun-bajako osagarriak kendu —osagarri horren zati bat kentzea proposatu dute berriki—.

 Labur esanda, proposamenak gure susmo txar guztiak gainditu ditu. 

Gaixotasun-osagarria zati batean kentzea ere aurrez ezarritako gidoiaren barruan zegoen, sasi-negoziazio horren amua baitzen. Prozesu osoan negoziatzaile eta aurrerakoi itxurak ematen saiatu dira; eta horrela langileok, negoziazioaren bidez murrizketen %100 ez aplikatzea lortu dugulakoan, geratu direnak txintik esan gabe onartzea espero zuten. 

Horretarako nahi zuten gu mahaian egotea, antzezlan horretako aktoreak izateko. 

ARRAZOIA GENUEN, HOBE MAHAI HORRETAN EZ EGOTEA! 

Eta hemendik aurrera zer? 

Mobilizazioa izango da gure bide bakarra. Langileok jabetu behar gara mobilizazioa dela bide bakarra, horrelako politikak aldarazteko. 

Mobilizazioa hedatzeko gauza bagara, politika horiek aldatuko dira. Gobernu honen pertsonalarekiko politika aldatuko da; eta zerga-politika ere aldatuko da, ezinbestekoa baita herri-langileon enplegua eta lan-baldintzak bermatzeko.

Dei egiten diegu gizarte-erakunde guztiei gizarte-elkarrizketako mahaiak bertan behera uzteko, ez baitute beste helbururik gobernuak eta patronalak murrizketak egiten lasaiago uztea baino. Gure oraingo lehentasuna oso bestelakoa da: herri honetako langileen aurretik jartzea, eta mobilizazioen arrakasta lortzea; horrela, gobernu honek ezarri nahi digun eskubide-murrizketari hobeto egingo diogu aurka. 

Gainean dugun egoera dugula, ez litzateke arduratsua izango sindikatuen aldetik mobilizazio-itxurak egitea oporretan; gero, egun horietako mobilizazioen oihartzun eskasaren aitzakiatan, borroka bertan behera uzteko. 

ELAk jarraituko du mobilizazioen aitzindari izaten. Beharrezkoa balitz, pultsua luzaroan mantentzeko gauza izan beharko gara. Herri honetako agintariek jakin behar dute arazo etengabea izango dutela gurekin, orain arte egin dizkiguten “lapurreta” GUZTIAK itzultzen ez dizkiguten bitartean. 

Borroka eginez gero galduan atera gaitezke, baina borrokatu ezean galduta gaude! 

Gasteiz, 2012-12-23