Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan aste honetarako deitutako bigarren greba egunak ere jarraipen zabala izan du
Sindikatuen oharra:
Ikastetxe hauetako langileok ia hamar urte daramagu hitzarmena berritu gabe eta eroste-ahalmenaren galera metatuak %10etik gorakoak dira. Pedagogien modernizazioa, digitalizazioa eta hezkuntza-berrikuntza langileon kontura joan da, lan-kargak handituz jasanezinak izateraino. Sektore honetako langile-kidego batzuk (hezkuntza-laguntzako espezialistak eta haur-hezkuntzako lehen zikloko langileak) ugalduz joan dira azken urteotan, kopuruz eta prekarietatez, eta horiek dira, hain zuzen, feminizatuenak eta baldintzarik txarrenak dituztenak; hori dela-eta, premiazkoa da baldintza horiek nabarmen hobetzeari ekitea. Jaiotza-tasa gutxitu izanak eragina izan du ikastetxe horietan, eta haur-hezkuntzako lehen mailetan hasi dira langileak kaleratzen. Bestalde, zerbitzuen azpikontratazioa ere zabalduz doa, eta horrek kidego jakin batzuen lan-baldintzak prekarizatzea ekarri du bere baitan; 1-DBH eta 2-DBHko irakasleak parekatzea egiteke dago oraindik; eta beharrezkoa da, halaber, Lanbide Heziketa gehiago arautzea.
Grebaren helburuak argiak eta aski ezagunak dira beraz, sektore honetako langileen lan baldintzen berreskurapena eta hobekuntza dugu helburu, hobekuntza hauek gure ikastetxeetan eskaintzen den hezkuntza kalitatean eragin zuzena dutela konbentzituta baikaude.
Patronalak, ordea, ez dira dagokien arduraz jokatzeko gai izan. Orain dela urte bete, 2017ko azaroan, inolako emaitzarik gabeko hamaika bileraren ondoren, negoziazio-mahaian parte hartzeari utzi eta mobilizazio bideari ekitea beste biderik ez ziguten utzi sindikatuoi. Urtebete eta zazpi greba egun ondoren, patronalek helarazitako proposamenak orain urtebete mahaitik altxatzea erabaki genuenean mahai ganean jarrita zeukaten proposamenarekiko aurrerapauso nabaririk ez du jasotzen: Irakasleen lan kargak arintzeko inolako neurririk ez.
Enpleguari dagokionez, gela itxierek ekar dezaketen lanpostu galerari aurre egiteko birkokapen bermerik eskaini gabe jarraitzen dute. Soldaten inguruko planteamenduan apenas dagoen aldaketarik; zenbait kolektibo, feminizatuenetakoak, prekarioenetakoak eta soldata arrakala handienetakoa suposatzen dutenak, eskaintzatik kanpo uzten ditu, Hezkuntza laguntza espezialistak alegia, eta gainera eroste- ahalmenaren berreskurapenetik oso urrun egoten jarraitzen du, are gehiago, eroste-ahalmena galtzen jarraitzea ere suposatzen du. Haur Hezkuntzako lehen zikloko langileen eta Hezkuntza laguntza espezialisten baldintzen inguruko proposamenetan apenas dagoen aurrerapausorik, egindako ordu osagarrien eta lanaldi murrizketaren planteamenduak lan baldintzen hobekuntzan apenas eraginik dutelarik. Argi dago, beraz, fede oneko negoziazio bati ekin eta langileen aldarrikapenei erantzutea baino gehiago grebak desaktibatzeko helburua izan dutela.
Mobilizazio eta greba dinamika indartsuak bultzaturik, patronalak mugitzera behartu ditugu, baina langileek oso argi ikusi duten bezala, patronalaren proposamenak plataforma bateratuan jasotzen diren aldarrikapenetatik urrun daude oraindik.
ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako patronalei eskatzen diegu beraien langileen baldintzekiko duten ardura zuzena beren gain hartu, eduki esanguratsurik gabeko proposamenak egiteari utzi eta langileen aldarrikapenei erantzungo dioten bideak lantzen zentratzeko. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak ere, egungo hezkuntza sistema mantentzeko erabakia hartu duen unetik, langile hauen lan baldintzekiko nolabaiteko ardura baduela eta gatazka honetan paper bat jokatu behar duela uste dugu.
Azkenik, Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileak aste honetako 4 greba egunak babestera eta antolatu ditugun elkarretaratze eta manifestazioetan parte hartzera animatzen ditugu.