Langileek gatazka Parlamentura eraman dute eta beste hilabete bateko greba iragarri dute
Solerako langileek hitzarmen propioa negoziatzeko prozesuaren blokeoa salatu dute, 50 greba egun baino gehiago igaro ondoren. Enpresak negoziatzeari uko egiten jarraitzen du, eta orain arte helarazi duen proposamen bakarra 60 euroko osagarria da, 12 ordainsaritan banatuta, KPIari lotutako soldata eguneratzearen inolako bermerik gabe.
Eskaintza hori guztiz eskasa da, are gehiago kontuan hartuta Soleraren jabea den Caja Rural de Navarrak 249 milioi euroko irabaziak izan zituela 2025ean. Solerak eta Caja Ruralek lanbide kategoria apalenetan prekarietatea betikotzea nahi dute, hain zuzen ere, egunerokoan zaintza lanari eusten dioten kategorietan. Ezin da adineko pertsonak zaintzearen garrantziaz hitz egin, lan hori egiten dutenek hilabete bukaerara ezin badute iritsi.
Egoera horren aurrean, ELAko 10 ordezkarik ordezkatutako langileek greba egun gehiago deitu dituzte urria osoan zehar. Horrez gain, egunero 10:30ean elkarretaratzeak egingo dituzte Soleraren jabea den Caja Ruralen egoitzaren parean, asteazkenetan, 11:45ean, Nafarroako Gobernuaren parean, eta ostegunetan, 18:30ean, Iruñeko Udaletxe plazan.
Mobilizazio dinamikaren barruan, gaur Nafarroako Parlamentura joan dira Soleran bizi duten errealitatea ezagutzera emateko eta salatzeko gatazka honek zaintza sektorearen zati handi batek bizi duen prekarietatea ere islatzen duela.