“Gure autonomia sindikala defendatzen dugu politikan ere eragin ahal izateko”
Bilbon antolatutako ekitaldian Bizkaiko Erresidentzietako langileak izan dira protagonista nagusiak, euren lan-baldintzen eta kalitatezko zerbitzu publiko batzuen alde urtebete baino gehiago borroka eredugarri bat eramaten ari den langileak.
Eguerdian egin den ekitaldian Soraya Garciak, ELAk Bizkaiko Erresidentzietan duen ordezkariak, Esther Saavedrak, Bizkaiko zerbitzu publikoetako arduradunak, eta Adolfo Muñozek, Txiki, idazkari nagusiak, hartu dute parte.
Esther Saavedrak bere parte hartzea 1886ko maiatzaren leheneko eta egun Bizkaiko Erresidentzietako langileek egiten ari diren greba lotuz hasi du. “Greba hura, Maiatzaren Lehenaren jatorria, egunean 8 ordutako lanaldia lortzeko egindako greba eredugarria izan zen. Orain Bizkaian milaka emakumek beste borroka eredugarri bat egiten ari diren euren lan eta bizi baldintzen alde. Bi adibideek argi erakusten digute borrokatzeak merezi duela”.
Zerbitzu publikoetako arduradun honek lan-gatazka honen bi gakoak azaldu ditu. “Lehenik eta behin, salatu beharra dago gatazka hau ez baldin bada konpontzen honako arrazoiarengatik dela: sektore honetako langileen erabateko gehiengoa emakumeak direlako. Gainera, gatazka honek agerian uzten du agintari instituzional hauek zerbitzu publikoen pribatizazioen alde duten jarrera argia. Horregatik, ezinbestekoa da Bizkaiko Foru Aldundiaren jarrera salatzea, bera baita gatazka honen arduradun nagusia”.