Gure erronka enpresa eta lantoki guztiak, handiak zein txikiak, benetako negoziaziorako esparru bihurtzea da
Uztailaren 4an ezhoiko kogresuak egingo dituzte federazioak egokitze prozesu hau burutu ahal izateko. 4 federazioak 3tan biltzeko erabakiak hartuko dira bertan. Federazio berri bat sortuko da, “ELAko Industria eta Eraikuntza federazioa”; beronek Metaleko federazioa eta Hainbateko eraikuntza eta sektore industrialak hartuko ditu bere baitan. Federazio berri honekin batera, errealitate federala lehenago zeuden Zerbitzuak (zerbitzu pribatuak) eta Gizalan (zerbitzu publikoak) federazioek osatuko dute.
ELAko Industria eta Eraikuntza Federazioko idazkari nagusitarako hautagaia, Unai Martinez (ELA-Metaleko Idazkari Nagusia), eta Idazkari Nagusiaren albotarako, Luis Fernandez (ELA-Hainbateko Idazkari Nagusia). Idazkari nagusi gisa jarraituko lukete Mirari Irurek ELA-Zerbitzuak federazioan eta Igor Eizagirrek ELA-Gizalanen.
Federazioak berregokitzeko zergatia ELAk lege laboraletan eta negoziazio kolektiboaren arauetan egin dituzten azken erreformei era eraginkorrean erantzuteko duen borondatean datza. Erreforma hauek xede bat dute, patronalari lanpostuen suntsiketa erraztea, soldatak zeharo murriztea eta gainerako lan-baldintzak okertzea. Horretarako orain arte ezagutu ditugun joko-arauak hausten dira; goitik behera aldatu dizkigute.
Besteak beste, hitzarmena ez aplikatzea, lan -baldintzak nabarmen aldatzea eta era horretara soldatak jaistea, ultraaktibitatea bertan behera uztea eta, erabakiorra, sektore hitzarmenetan funtsezko gaiei buruz ezarritakoa, soldata barne, derrigor bete beharreko gugutxienekoa ez izatea, nahikoa baita enpresako hitzarmenean jasotakoa betetzea.
ELAren iritziz, hau patronalarentzat opari itzela izateaz gainera, langile-klaseari egindako eraso latza da eta izugarrizko antolakuntza erronka mugimendu sindikal guztiarentzako. Erronka enpresa eta lantoki guztiak, handiak zein txikiak, benetako negoziaziorako esparru bihurtzea da. Geratzen zaigun alternatiba eraginkor bakarra enpresak eta lantokiak sindikalizatzea da gure eskubide laboralak behar bezala defenditzeko.
Era honetan, sindikalizatzea afiliatzea da, atal sindikalen funtzionamendu egokia izatea eta, aldeko indar-erlazioan oinarrituta, hitzarmen onak lortzea, enpresarioen borondateari mugak jarriaz.
Halaber, sindikalizatzea da sindikatuak daukan aukera bakarra, baldin eta autonomo izaten jarraitu nahi badu, finantza publikoekiko dependentziarik gabe eta eraginkorra langile-klasearen eskubide laboral eta sozialak defendatzeko garaian.
Federazioak berregituratzeko prozesuari esker federazioetako zuzendaritza eskualdeetara hurbilduko du ELAk, oinarriko lan-taldeak sendotzeko eta, horrela, estrategia sindikalak zein lan-planak hobeto definitu eta gauzatzeko, enpresaz enpresa, lantokiz lantoki.
ELAren aburuz taldeko lanak aukera handiak eskaintzen ditu, are gehiago egungo egoeran, non hitzarmen probintzialaren “aterpea” desagertu egingo baita.
ELAko arduradunek gogoratu dute gaur goizean duela sei hilabete izan zen XIII Kongresu konfederalean “antolakuntzari buruzko hausnarketa” eta “gure egiturak moldatzeko” kompromezua hartu zela, horrela sindikalizatzeko lanean eraginkorragoak izateko.
Moldaketa organizatibo honekin lehen urratsa egiten duela ELAk, baina hausnarketak ez du etenik izango; erabakien eraginak zehatz aztertuko duela gogoratu dute.
Zapatero eta Raxoiren gobernuei onartu beharreko erreformen gainean jarrai bideak eman dizkieten patronal eta fundazioen lobbyek iragarri dutenez, “sindikatuak ez dira gai izango bere antolaketa egokitzeko eta enpresetan eraginkorrak izateko”. ELA saiatuko da, ahal duen esparru guztietan, iragarpen hori gezurtatzen.