Ekoizpena eten dute greba mugagabearen lehen egunean
CastMetal Vitoria enpresako langileek urtebete baino gehiago daramate hitzarmen kolektibo berri bat eskatzen. Aurreko hitzarmenaren indarraldia 2024ko abenduaren 31n amaitu zen; hala ere, enpresak negoziazioa blokeatuta dauka, beraz, langileek greba mugagabera jo behar izan dute. Lehenengo egunean jarduera geldiarazi dute. Cast Metal Vitoria Jundizen dago, Gasteizen, eta 200 langile inguru ditu. Karbono altzairuzko eta aleazio baxuko piezak galdatzen, moldatzen, mekanizatzen eta termikoki tratatzen ditu.
Enpresak 2022, 2023 eta 2024ko KPIa zor die langileei eta auzia epaitegietan dago. Hala ere, ELAk esan du enpresak jarrera "erabat immobilista" duela eta uko egiten diola sindikatuek planteatutako funtsezko gaietan aurrera egiteari.
Enpresa batzordeak (ELAk 13tik 2 ordezkari ditu) azpimarratu du beti egon dela negoziatzeko borondatea, baina enpresak blokeatu egiten duela. Hori dela eta, erantzukizuna bere gain hartzeko eta negoziazioa desblokeatzeko eskatuko diote enpresari. Lan-baldintzetan benetako hobekuntzak bermatuko dituen eta enpresak zor duena berreskuratuko duen akordio bat lortzeko eskatu diote zuzendaritzari.