ELAk mugikortasun eredua eraldatzeko premia aldarrikatu du
ELAk ‘Mugikortasun eredua eraldatuz trantsizio ekosozialerantz’ txostena aurkeztu du, krisi klimatikoari aurre egiteko eta trantsizio ekosozial justua bermatzeko egungo eredua aldatzeko premia larria dagoela azpimarratuta.
Txostenaren arabera, garraioa da gaur egun energia gehien kontsumitzen duen sektorea bai EAEn bai Nafarroan, %48 eta %40ko kontsumoarekin, hurrenez hurren. Gainera, EAEn garraioak kontsumitzen duen energiaren %94,7 petroliotik dator oraindik.
ELAk salatu du politika publikoek garraio publikoa indartu beharrean, azpiegitura handien eta inpaktu handiko proiektuen alde egiten jarraitzen dutela, hala nola Subflubiala, Supersur edo AHT. “Azpiegitura hauek milaka milioiko inbertsioak dituzte, ibilgailu pribatuaren erabilera sustatzen dute eta eraikuntza enpresa handien interes ekonomikoei erantzuten diete, gizarteko benetako beharrei baino”, kritikatu du Ainhara Plazaola ingurumen arloko arduradunak.
Txostenak genero eta gizarte desberdintasunetan jarri du arreta. Izan ere, erosahalmen txikia dutenak, emakumeak eta migranteak dira garraio publikoa gehien erabiltzen dutenak. Dirusarrera altuak dituztenek, berriz, neurri handiagoan erabiltzen dute ibilgailu pribatua eta aztarna ekologiko handiagoa sortzen dute. Zentzu horretan, ELAk zalantzan jarri ditu auto elektrikoak erosteko laguntza publikoak, erosahalmen handiena dutenei egiten dietelako mesede.
ELAk administrazio publikoei eskatu die gizartearen gehiengoaren beharrak mugikortasunaren politika publikoen erdigunean jar dezatela.
ELAren proposamen nagusien artean hauek nabarmentzen dira:
-
Garraio publikoan inbertsioa handitzea
-
Maiztasunak eta konexioak hobetzea, bereziki hiriguneetatik kanpo
-
Garraio publikoan deskontuak eta doakotasuna mantendu eta zabaltzea
-
Garraio modalitate guztietarako txartel bakarra behin betiko ezartzea
-
Garraio publikoaren elektrifikazioa lehenestea ibilgailu pribatuaren aurrean
-
Tokiko ekonomia indartzea, salgaien garraioa eta energia mendekotasuna murriztuz
-
Enpresetan eta industria poligonoetan mugikortasun planak bultzatzea