FIBERTECNIC AERNNOVA (GASTEIZ)

Greba deitu dute urriaren 16, 21 eta 23an hitzarmen berria lortzeko

Greba deitu dute urriaren 16, 21 eta 23an hitzarmen berria lortzeko
Hitzarmen berri bat adosteko negoziazioak blokeatuta daude Gasteizko Fibertecnicen. Enpresa batzordeak (ELA 4, LAB 2 eta CCOO 1)greba deitu du helburuak lortzeko.

Aernnova taldeko Fibertecniceko (Gasteiz) enpresa-batzordeak iragarri du hiru eguneko greba hasiko duela (urriaren 16an, 21ean eta 23an) hitzarmen berri bat lortzeko asmoz. Aurrekoa 2024an amaitu zen, eta urte honen hasieratik negoziatzen saiatzen ari diren arren, Zuzendaritzak uko egin die Batzordeak lan baldintzak hobetzeko egindako proposamenei.

Batzordeak ziurtatu du enpresak gaitasuna duela akordio batera iristeko eta lan baldintzak hobetzeko. Hori dela eta, gatazka konpontzen ez bada, mobilizazioak areagotu egingo direla ohartarazi dute.

Fibertecnic Aernnova aeronautika multinazionalaren sektore kimikoko enpresa bat da. Gasteizen dago, sektore aeronautikorako zuntzezko piezak egiten ditu eta 165 langile inguru ditu.