SEKTORE PUBLIKOA

“Ez dago langile publikoen pobretzearen aurka borrokatzeko borondate politikorik”

2026/01/30
“Ez dago langile publikoen pobretzearen aurka borrokatzeko borondate politikorik”
Igor Eizagirre, secretario general de Gizalan

Langile publikoen soldatek erosteko ahalmenaren galera luze eta agonikoarekin jarraitzen dute. 2010etik, galera metatua % 18,05ekoa da. Joera hori larriagotu egin da azken urteotan, eta, abenduan, Sektore Publikoaren Estatuko Mahaian Madrilen lortutako akordioaren ondorioz, badirudi datozen urteetan ere gertatuko dela. Igor Eizagirrek, Gizalaneko idazkari nagusiak, lan-baldintzen pixkanakako narriadura salatu du eta ELAk enplegu publikoaren defentsan borrokatzeko duen borondatea azpimarratu du.

Zer balorazio egiten du ELAk Sektore Publikoaren Estatuko Mahaian lortutako akordioaz?

Balorazioa oso negatiboa da. Gure herrialdean ia ordezkaritzarik ez duten eta kontzertazioaren aldeko apustua egiten duten eta langile publikoen lan-baldintzak galtzearen konplize diren sindikatuek sinatutako akordio bat inposatu zaigu. Eta, gainera, negoziazio kolektiborako eskubidea urratuz egiten dute. Akordioa, hemen dauden gehiengo demokratikoak errespetatzen ez dituzten Estatuaren eta sindikatu espainiarren estrategia uniformizatzaile eta zentralistaren beste urrats bat da.

Balorazioa oso negatiboa dela diozu. Zergatik?

Edukia beste urrats bat da sektore publikoko langileak pobretzeko prozesuan. Soldatetan, 2022-2025 aldian galdutako % 8,6tik % 2,5 baino ez da berreskuratuko. Hau da, sindikatu sinatzaileek –UGT eta CSIF– aldi horretako % 6,1eko galera onartu dute. Bestalde, % 3tik gertu egongo den 2025eko KPIaren bilakaera dela eta, 2026rako hitzartutako % 1,5 eta % 2 arteko soldata igoerarekin ziurtzat jo daiteke beste soldata galera bat. Zoritxarrez, urteak daramatzagu langile publikoen pobretzea jasaten. 2010etik, erosteko ahalmenaren galera % 18,05ekoa da.

Enpleguaren arloan, Estatuko gobernuak, UGTk eta CSIFek euren estrategia uniformizatzailearekin jarraitzen dute, besteak beste, birjarpen-tasak mantenduz. Beraien asmoa enplegu-beharrak eta hautaketa-prozesuak Espainiako Gobernuaren esku jartzen jarraitzea da. Eta horrek guztiak % 42ko behin-behinekotasunera eraman gaitu.

Dokumentuak beste gai batzuk ere aipatzen ditu. Adimen artifiziala erabiltzea, lan osasunean arrisku psikosozialak tratatzea edo berdintasun planekin jarraitzea aurreikusten da. Baina hori guztia zehaztasunik gabe eta tonu guztiz uniformizatzailearekin, berriro ere.

Nola baloratzen duzu ordezkaritzaren jarrera, bai EAEkoa, bai Nafarroakoa?

Bileran izan zen Eusko Jaurlaritzako Enplegu Publikoko zuzendariak ez zuen babestu ELAk Hego Euskal Herriko langileen lan-baldintzak Gasteizen eta Iruñean erabaki daitezen Estatu Idazkaritzari egindako eskaera, eta akordioari buruz ez zuela ezer esateko adierazi zuen. Nafarroako Gobernuko ordezkariak antzeko jarrera izan zuen. Estatuko beste erkidego batzuetako ordezkariek enplegu publikoko beharrak ezarri ahal izatea eskatu zuten bitartean, Nafarroakoa eta EAEkoa Espainiako Gobernuak, UGTk eta CSIFek lortutako akordioaren alde agertu ziren.

Nola ulertzen da jarrera hori?

Jarrera hori oso larria da. Gainera, ez dator bat beste erkidego batzuetako ordezkariek, hala nola Balear Uharteetako, Gaztela eta Leongo, Gaztela-Mantxako, Valentziako Erkidegoko edo Espainiako Udalerrien Federaziokoek izandakoarekin. Izan ere, Gobernuak egindako negoziazio-prozesua kritikatzeaz gain, argi eta garbi eskatu zuten birjarpen-tasak ezabatzea, euren erkidegoetan enpleguaren arloko beharrak erabakitzeko edo lan-kontratuko langileen erretiro partzialari soluzio bat bilatzeko.

EAEko eta Nafarroako ordezkarien jarrerak agerian uzten du, berriro ere, ez dituztela sektore publikoko lan-baldintzen gainean aitortuta dituzten eskumenak defendatzen. Are gehiago, esku sartze hau ondo datorkie murrizketak egiteko, behin eta berriro salatu dugun bezala. Oso larria da aukera hori behin eta berriro urratzen duten gobernu bati eta sindikatuei estaldura ematea.

Zer proposatzen du ELAk egoera iraultzeko eta langile publikoek erosteko ahalmen hori berreskuratu ahal izateko?

Ezinbestekoa da Foru Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta toki eta foru erakundeek autogobernua defendatzea lan-baldintzak hemen erabakitzeko. Egungo lan-baldintzekin ezinezkoa da herritarrei kalitatezko prestazioak bermatzea eta erosteko ahalmenaren galerarekin amaitzea.

Enpleguan formulak ezarri behar dira pribatizazioari ateak ixteko eta arlo publikora itzultzeko prozesuak aurreikusteko, langileen subrogazioa bermatuz. Benetako behin-behinekotasuna % 8ra murrizteko formulak ere ezarri behar dira, aldi baterako langileak finkatzea ahalbidetuko duten berme-prozesuak deituz.

Soldatetan, azken lau urteetan galdutako erosteko ahalmena berreskuratu behar da. Horretarako, 2026ko aurrekontuek % 8,6ko soldata igoera + 2025eko KPIa ezarri behar dute langile guztientzat. Ahaztu gabe lanaldia 32 ordura murrizteko proposamena, hura ezartzeko aurrekontu-partida barme. Baina gure proposamenak enplegutik, soldatetatik edo lanalditik haratago doaz.

Adibidez?

Ezin ditugu ahaztu lan osasuna, euskara, genero berdintasuna edo plantilla gaztetzeko beharra bezalako gaiak. Lan osasuna hobetzeari dagokionez, gehiegizko burokraziarekin amaitzeko eta sektore bakoitzeko lan kargak arintzeko aurrekontu-partida bat ezarri behar da. Euskarari dagokionez, langileen euskalduntzea planifikatzeko partida bat sartu behar da. Genero berdintasunean, sektorez sektore benetako berdintasun planak negoziatzeko eta adosteko konpromisoa ezartzeaz gain, hori posible egiteko partida bat sartu behar da.

Eta, esandakoa, plantillak gaztetzeko neurriak hartu behar dira. Horretarako, beharrezkoa da aurrekontu-partida bat ezartzea gaztetzeko neurriak gehiengo sindikalarekin negoziatu eta adosteko. Horien artean, erretiro partziala eta erretiro-sariak berrezartzea.

Hego Euskal Herriko administrazioek eskumenik eza aipatu ohi dute. Benetakoa al da aitzakia hori?

Gure erakundeei ondo datorkie esku-sartze hori pobretze politika hauek aplikatu ahal izateko. Baina Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari ez ezik, toki- eta foru-erakundeei ere ondo datorkie esku-sartze hori. Zoritxarrez ados daude erabaki horiekin.

Bai Gernikako Estatutuak bai LORAFNAk gure herrian langile publikoen lan-baldintzak erabakitzeko eskubidea aitortzen dute, baina gure erakundeek Estatuaren politika zentralizatzailea onartzen dute. Horrek ondorio larriak dakarzkie zerbitzu publikoei eta langile publikoei.

ELAk askotan adierazi du behar ditugun zerbitzu publikoak eta sektore publikoaren lan-baldintzak gure herrian erabakitzea borondate politiko kontua dela. EAJren eta PSOEren arteko 2023ko inbestidura akordioak eta Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza, Ertzaintza edo Justizia bezalako sektoreetan egindako proposamenek argi eta garbi erakusten dute arrazoia dugula esaten dugun horretan. Borondate politiko kontua da. Hori lortzeko azken urteetan hainbat mobilizazio eta greba egin ditugu, betiere soldatak eta enpleguari eta gainerako lan-baldintzei dagozkien beharrak hemen erabakitzeko formulak aurkitzeko helburuarekin.

 

**

DEMANDA NEGOZIAZIO KOLEKTIBORAKO ESKUBIDEA URRATZEAGATIK

ELA eta CIG sindikatuek errekurtsoa aurkeztu dute Audientzia Nazionalean Espainiako Gobernuaren eta CCOO, UGT eta CSIF sindikatuen kontra. Izan ere, abenduko estatuko administrazio publikoen mahai orokorraren aurretik eta bertatik at, Espainiako Gobernuak eta CCOO, UGT eta CSIF sindikatuek adostu zuten langile publikoen soldata igoera. Gai hori aipatutako mahaian negoziatu behar dela dio enplegu publikoaren oinarrizko legeak. Eta beraz, aurretik adostu izanak legea urratzen duela uste dute Euskal Herriko eta Galiziako sindikatu nagusiek.

Gogora dezagun abenduaren 1ean, Madrilen Estatuko Administrazio Publikoen Mahai Orokorreko bilera egin zela. Bertan parte hartu zuten ELAk eta CIGak, estatuko beste sindikatuekin eta gobernuetako nahiz erkidegoetako ordezkariekin. Bada, aurreko egunetan Espainiako Gobernuak eta aipatutako sindikatuek adostutakoaren berri eman zuten, hau da, ez zen negoziatu, legeak hala egin behar dela adierazi arren. Horrek suposatzen du milaka langile publikoren negoziazio kolektiborako eskubidea eta askatasun sindikala urratzea. Horregatik erabaki dute ELAk eta CIGak, Euskal Herriko eta Galizako sindikatu nagusiek, epaitegietara jotzea, salatzeko ELAren eta CIGaren eta Euskal Herriko eta Galiziako langileen eskubidea urratu dela, eta jarrera hori albora dezatela.