ELAk Ibarmia enpresan gertatutako lan istripua salatu eta mobilizaziorako deia egiten du astearterako
A.K. Betelu azpikontratako langilea zen. Argi geratu da oraingoan ere azpikontratazioak prekarietatea dakarrela eta hauxe dela hain zuzen ere lan ezbeharren atzean dagoen arrazoi nagusia.
Irmoki eskatzen diogu Osalan eta Lan Ikuskaritzari gertatutakoaren inguruan zabaldu dezala dagokion ikerketarik sakonena eta argitu ditzatela behar diren erantzukizunak.
Aste honetan zehar Ibarmia enpresak istripuarekiko izan duen jarrera lotsagarria izan da, ezkutatu egin baitu istripua gertatu izana. Portaera hau oso larria da, are gehiago enpresa burua Adegiko zuzendaritzako kidea denean. Hau al da Adegiren “enpresa kultura berriaren” adibidea?
Guzti hau salatzeko, ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRUk elkarretaratzea deitu dugu otsailaren 14 asteartean, Donostian Adegik duen egoitzaren aurrean, “Lan istripu gehiagorik ez. Prekarietatea hiltzailea” lelopean.