INDUSTRIA ETA ERAIKUNTZA

Mitxel Lakuntza: “Argi utzi nahi dugu; ELAk ez du amore emango hemengo gutxieneko soldata lortu arte”

Mitxel Lakuntza: “Argi utzi nahi dugu; ELAk ez du amore emango hemengo gutxieneko soldata lortu arte”
ELAko idazkari nagusiak aldarrikapen hau nabarmendu du Barañainen, Industria eta Eraikuntza (IEF) federazioaren Kongresuaren hasieran

ELAko Industria eta Eraikuntza (IEF) federazioak Barañaingo Auditorian bere 4. kongresuari ekin dio ‘Langileekin eraldatu’ lelopean. Azken kongresutik hona federazioak izandako jarduerari buruzko kudeaketa txostena bozkatuko da, baita hurrengo lau urteetan ekintza sindikala gidatuko duten sei ebazpenak ere: 1) Kalitatzeko enplegua bermatu eta trantsizio ekosoziala bultzatuko duen industria politika exijitzen dugu. 2) Enpresak eta sektoreak sindikalizatzeak gure bizitza duintzen du; 3) Bada garaia Euskal Herrian lan eskubideak errespetatuz eraikitzeko; 4) Federazio feminista eta eraldaitzailerantz; 5) Lan egingo dugu lan-merkatuko diskriminazioak eta prekaritatea desagerrarazteko; eta 6)Gure lan baldintza guztiak Euskal Herrian negoziatzea eskatzen dugu.

Halaber, 4. Kongresu honetan ordezkari ziren 330 lagunek 38.996 afiliaturen izenean bozkatuko dute zuzendaritza berria, Unai Martinez idazkari nagusiarekin batera; ELA-Zerbitzuak federazioko Batzorde Iraunkorraren proposamena hauxe da:

  • Unai Martinez Azarola: Idazkari Nagusia
  • Arrate Elkoro Zengotitabengoa: Genero ekitatea. Nazioartea. Ezkerraldea-Kadagua, Bilbo, Bizkaiko eraikuntza
  • Mikel Etxebarria Campos: Konkurtsoen taldea. Ibaizabal-Nerbioi
  • Sergio Vázquez De la Fuente: Gernika Durango, Eskumaldea
  • Esther Arruti Roteta: Oarso-Bidasoa, Oria-Goierri, Donostia, Gipuzkoako Eraikuntza
  • Ioritz Pérez de Mendiguren Lekuona: Nafarroa, Deba
  • Amagoia Lasagabaster Altube: Gasteiz, Urola-Kosta

Mitxel Lakuntzak, ELA sindikatuaren idazkari nagusia, goizeko saioan parte hartu du, federazioaren helburu batzuk aipatzeko, beti ere ikuspegi globalagoa emanez: “ELArentzat soldaten defentsa, eta bereziki gutxieneko soldata, gure estatregiaren erdigunean daude. Argi utzi nahi dugu mezu bat; ez dugu amore emango. Pradalesen, Chiviteren gobernuek eta patronalek jakin behar dute aurrez aurre izango gaituztela gutxieneko soldata lortu arte”. ELAren idazkari nagusiak azpimarratu zuen “borroka hau ez dela hemen geldituko, politikoki eta sindikalki presionatzen jarraituko dugu gutxieneko soldata duin eta propioa lortu arte”.

IEFeko kongresua Barañainen egiten dela probestuz, Nafarroaren inguruko hausnarketa lauzatu zuen Lakuntzak: “Badirudi hemen dena ongi dabilela. Ba ez. Aldatzen dena da Nafarroan, PSN, eta Geroa Bai (PNV)rekin EH Bildu ere badagoela gobernua sostengatzen. Egungo ezker instituzionalaren politiken gabeziak eta mugak agerian geratzen dira: pobrezia, prekaritatea eta desberdintasuna handitzen ari dira”.

“Hamar urte pasa dira -gogoratu zuen Lakuntzak- UPN gobernutik atera zenetik, baina oraindik aldaketa egiteke dago. Pobrezia tasa igo da %13tik %18ra, etxebizitzaren egoera larria da, zerbitzu publikoen infra-dotazioa ere nabarmena da...Eta Chivitek harro dio enpresek beste tokitan baino gutxiago ordaintzen dutela hemen”.

“Gauzak EAEn bezain gaizki daude, baina Nafarroan desmobilizazioa handiagoa da. Guzti honegatik ELAk behin eta berriz dio: irakurketa zintzoa egin behar da, autokonplazienziarik gabe, eta kaletik eta lantokietatik politika eraldaltzaileen alde bultzatu. Hori da benetako aldaketa gauzatzeko biderik eraginkorrena”.

Nafarroan eta beste lekuetan, “testuinguru konplikatua da” aitortu zuen Lakuntzak; politika instituzionalean gure aldarriek babesik aurkitzen ez dutenean, Patronalak eta Gobernuek ateak ixten dizkigutenean sindikatuak alternatiba bat proposatzen du; uzten diguten bide bakarretik, kontraboteretik. Aukera bat gara kolektiboki antolatzeko, gure interesak gainontzeko langileekin batera defendatzeko. Hori da sindikatua, indar kolektiboa”, bukatu zuen.