Bestelako eredu sozial eta ekonomiko bat lortzeko bidean alternatibak landuz
Ekainaren 5ean eta 6an bi urrats berri emango dira Euskal Herrian bestelako eredu sozial eta ekonomiko bat lortzeko bidean. Eta, bi data horietan, ELAk parte-hartze aktiboa izango du, prozesu honetan bidelagun ditugun gainontzeko eragile guztiekin. Lehenengo hitzordua ekainaren 5ean izango da, lehenengo Baionan eta gero Donostian. Ingurumenaren Nazioarteko Eguna dela-eta, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak formazio jardunaldia antolatu du lehendabizi Baionako Maison des Associations-en, goizeko 10:00etatik aurrera.
Jardunaldiak hainbat zati izango ditu. Lehendabizi Maxime Combes militante ekologista frantziarrak hartuko du parte; Combesek ordu-beteko hitzaldia eskainiko du, eta, ondoren, eztabaidarako tartea egongo da. Lehen atal hori eta gero, eta bideo-emanaldi labur baten ostean, bi aurkezpenen txanda izango da. Batetik Bizi! mugimenduko kide batek egun horretan bertan Baionan hasiko den Alternatiben Tourra aurkeztuko du; ondoren, urriaren 24an Bilbon egingo den Alternatiben Herria ekimena aurkeztuko da.
Ekainaren 5eko jardunaldia egiteko Baiona aukeratu izana ez da kasualitatea. Izan ere, goizeko formazio jardunaldia amaitu eta gutxira Alternatiben Tourra hasiko da Lapurdiko hiriburuan –hitzordua 14:00tan izango da, Baionako merkatuan–. Ekimen honen helburua honakoa da: lau tokiko txirrindu batean Europan Alternatiba ekimenak antolatu diren gune guztiak lotzea. Guztira 5.000 kilometro izango dira, eta ekimenak helmuga Parisen izango du irailaren 26an, klima aldaketaren inguruan antolatu den COOP-21 goi-bilera hartuko duen hiria.
Alternatiba Tourraren lehen etapa Baiona-Donostia izango da. Ondo-bidean txirrindulariak 18:00tan helduko dira Saguesera. Bertan ongi-etorria egingo zaie, eta ondoren bidea jarraituko dute Antiguo auzoraino.
EKAINAK 6, ALTERNATIBEN HERRIXKA DONOSTIAN
Ekainaren 6an bestelako eredu sozial eta ekonomiko baten aldeko ekimenek jarraituko dute. Izan ere larunbatean hainbat eragilek Alternatiben Herrixka ekimena antolatu dute. Egun beteko egitarau oparoa prestatu dute ekimen honetan parte hartu duten lagunek.
Alternatiben Herrixka 11:00tan jarriko da martxan; lehendabizi Alternatiba Tourrari agur esango zaio, ordu horretan hasiko baita bigarren etapa. Ondoren, denetik topatu ahal izango dute Donostiara hurbiltzen direnak. Hitzaldiak, erakusketak, tailerrak, bideo emanaldiak... Guztia helburu argi batekin: erakustea posible dela egungo sistema kapitalistaren aurrean alternatibak garatzea, horretarako gainera, adar ezberdinak ukiturik: natura, finantzak, elikadura, ingurumena, kontsumoa, aisialdia, ekonomia...