Nekazaritza ministroak iragarritako neurriek ez dituzte Nafarroako eremuko arazoak konponduko
ELAk baieztatu duenez, nekazaritza ezinbesteko sektorea da gizartearentzat, eta, horregatik, beharrezkoa da haren biziraupena bermatzeko neurriak hartzea. Gehitu duenez, agerikoa da konfinamendu neurriek zelaiaren egoera larriagotu dezaketela. Hala ere, ELAren ustez, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministroak iragarritako neurriek ez dute inolaz ere konponduko Nafarroako nekazaritzaren arazoa.
Nafarroako eremuak dituen egiturazko arazoak pandemia baino lehenagokoak direla azpimarratu du sindikatuak. Bere ustez, ez da erreala ustezko eskulan falta; aitzitik, "lan-baldintza prekarioek eta esplotaziotik gertu dauden kasu batzuek eragiten dute jendeak sektore horretan lan egin nahi ez izatea". Horregatik, konponbidea lortzeko lehen urratsa sektore horretako lan-baldintzak duintzea izan beha dela azpimarratu du ELAk, horretarako ikuskaritza nahikoak egingo direla bermatuz.
Bestalde, ELAk beharrezkotzat jotzen du tokian tokiko produktuak kontsumitzearen alde eta elikadura subiranotasunaren alde egitea. "Helburua elikagaien segurtasuna eta kalitate-eredu osasungarria bermatzea izan behar da, ekoizpen, banaketa eta kontsumo jasangarrien bidez, hori guztia ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren ikuspegitik, elikagaiak tokiko zirkuituetan banatzea lehenetsiz eta lan-baldintza duinak bermatuz", laburbildu du.