ELAk itunpeko irakaskuntzaren nafar hitzarmen bat negoziatzea eskatzen du, langileei hobekuntzak eta segurtasuna ematearren

2019/10/10
Eta gainerako sindikatuak premiatzen ditu mobilizazioa eta negoziazioa batera erabiltzera, hori baita bermerik onena akordioak paper errea izan ez daitezen.

SEPNA, UGT eta LAB sindikatuek ohar bat plazaratu dute, Hezkuntzarekin eta patronalekin sinaturiko akordioaren ez-betetzeaz arranguratuz, eta aurrekontuak prestatu bitartean ez-betetze horiek negoziatzera premiatuz. ELAk, ordea, mobilizazio/negoziazio binomiora itzultzera deitzen die, lan-baldintza duinak lortzeko asmoz.

 

Gertaera hori ez da berria, lehenago ere sindikatu horiek ezin zituzten betearazi Akordioaren indarraldian (2017 iraila - 2019 abuztua) sinaturiko zenbait puntu. 2018. urtean, ELAk, patronalen eta parlamentuaren aitzinean, lau aldiz manifestazioak egiten zituen aldi berean sindikatu sinatzaileak bertze horrenbertze aldiz bildu ziren haiekin, Jarraipen Batzordean. Batzorde horretatik ELA baztertua izan zen, akordioa ez sinatzeagatik. Hilabete haietan sare publikoaren ituna negoziatzen ari zen, eta orduko kontseilariak udaberritik bertatik erraten zuen, sinadurarekin edo gabe, 2018ko irailetik goiti irakasle gehiago kontratuko zuela, 14/2012 ELDaren bidez irakasleei gehituriko irakastorduak jaisteko. Lege-xedapen horrek, hain zuzen, soldata-jaitsiera ekarri zigun itunpeko irakaskuntzako irakasleoi. Lehen aipaturiko sindikatuak ez ziren baliatu Batzorde hartan egoteaz 2019ko aurrekontuetan finantzazio nahikoa sartzeko, itunpeko irakaskuntzako langileontzat, eta beraz:

  • UPNk 2012an aplikatu zigun %2,5eko soldata-murriztapenarekin jarraitzen dugu, nahiz eta akordioaren testuan, ELAren proposamenez, honako puntu hau sartu: murrizketa hori soilik mantenduko zen "...14/2012 ELD gainditzeko aukerarik ez dagoen bitartean..." Sare publikoan gainditurik dago, eta itunpeko sarean akordioa sinatu dutenek ez dute beterazten. Noiz arte? Eta dekretu haren bidez irakasleoi kendu ziguten lehen baja-egunetik ordezkoa izan behar izatea?

ELAk gogor jokatu nahi du, ez da txantxetan ibiliko. Eta kontseilari berriak akordioaren indarraldia ekainera arte luzatu duenez, oraingo impasse-ean mobilizazioetara itzuli eta konponbide orokorra negoziatuko dugu, nafar hitzarmen bat lortzearen baldintzapean. Baina patronalek, SEPNAk eta UGTk hori onartzen ez badute, ELAk ez du baztertzen bertze aukera hau: estatu-hitzarmen ziztrin hori Nafarroako Akordio batez osatzea. Dena dela, akordio horretan zuzendu behar dira lehenago izandako gibelamenduak: prestakuntza publikoa eskuratzeko aukerak, birkokapena eta irakaste-adina 57 urtera jaistea; hau da, ELAk ez sinatzeko izan zituen arrazoiak. Era berean, 2016ko abuztuan mahaira eraman genuen baterako plataformaren gutxieneko puntuak ere, bederen, negoziatu beharko lirateke.

 

Eta urteko soldata-igoera funtzionarioenaren portzentaje berekoa izateari dagokionez, Rajoyren edo Sanchezen aginduz, erran behar dugu uztailetik aitzin egin behar den %0,25eko igoera oraindik indarrean dagoen akordioan dagoela jasota, eta igoera hori gibelatzen ari da gehiegi. Lau alderdiko gobernuak ez zigun igo 2016an. Eta soilik mobilizazio bateratuak eta ugari-ugariak egin ondoren hartu gintuen Barkosek, eta 2017ko urtarriletik hasi zen guri igoerak egiten, batere akordiorik sinatu beharrik izan gabe. Orain, Hezkuntza kontseilari sozialista baten etaparen hastapenetan, urrunago gaude sare publikotik UPNren garaian baino; zeren sare publikokoei %6 igo diete, eta guri %5. Gure eros-ahalmena, lehengoratze hori eta guzti, 2010ekoa baino %16,4 txikiagoa da orain.