ELAk EAJ eta PSE alderdiei ohartarazi die LGS propioa oztopatzea iruzur demokratikoa eta autogobernuari erabat uko egitea dela
Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia Eusko Legebiltzarrean izan da, honako hau defendatzeko: EAErako Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) ezartzeko Herri Ekimen Legegilearen izapidetzea onartzea. Jakina denez, ELAk, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalderekin batera, 138.495 sinadura bildu ditu, eta Euskal Herriko alderdi politikoei eskatu die Diputatuen Kongresura eraman dezatela ekimena Langileen Estatutua aldatzeko eta erkidegoek LGSk finkatu ahal izateko.
Horren aurrean, Eusko Jaurlaritza osatzen duten EAJk eta PSEk, eta PP eta VOX alderdiek oztopatu dute Gasteizko Ganberan. Argudiatu du Estatuaren eskumena dela, zehazki ILPk aldatzea eskatzen duen puntua; horretarako nahikoa bada ere gehiengo demokratiko bat izatea Langileen Estatutuaren 27. artikulua aldatzeko. Lakuntzak azpimarratu du ez dagoela “inolako oztopo juridiko edo legalik” herri ekimen legegilea izapidetzeko. “Arazoren bat badago, erabat politikoa izango da, kontra bozkatzen duten alderdiena. Izan ere, Legebiltzarreko mahaiak juridikoki aztertu du gure proposamena, eta ez du inolako eragozpenik aurkitu".
Ildo horretan, Lakuntzak aletu ditu Eusko Jaurlaritzak planteatutako gainerako aitzakiak. "Duela gutxi, Pradales Lehendakariak adierazi zuen gaitasun politiko gehiago behar dugula. Hori da, hain zuzen ere, hona dakarguna: LGSa Euskal Herrian erabakitzea, eta ez Madrilen". ELAko idazkari nagusia oso kezkatuta agertu da EAJk bere egiten duelako LGS propio batek Espainiako merkatu batasuna apurtuko duenaren argudioa. “Hori esatea kontraesana izan beharko luke EAJrentzat”, deitoratu du.
Euskal Herriko LGSn 600 euroko aldea dagoela gogorarazi du Lakuntzak; Hendaiako eta Irungo langile baten artean, adibidez. Eta Eneko Anduezak (PSE) aipatutako identitate auziaz, zera nabarmen du: "Identitarioa soilik da Espainiako merkatu batasuna jartzea euskal herritarren ongizatearen eta autogobernuaren gainetik". Gainera, Lakuntzak zehaztu du HEL bultzatu duten sindikatuak prest daudela neurriak aplikatzeko estatuko LGSa izan dadin gutxienekoa eta erkidegoko LGSak izan daitezen horiek hobetzeko, ez okertzeko.
Bestetik, EAJk eta PSEk argudiatzen dute EAEko LGS bat Confebaskekin negoziatu behar dela. “Horrela, patronalak bere betoa ezarri dezake", ziurtatu du Lakuntzak. "ELA eta LAB saiatu gara aurtengo 1.500 euroko hileko LGS bat negoziatzen; 120.000 pertsona baino gehiagori egingo lioke mesede. Baina Confebaskek uko egin dio baita esertzeari ere, eta horregatik aurkeztuko dugu demanda. Ez da inon gertatzen gobernu batek LGSri muzin egin eta patronalaren esku uztea". Horregatik, Lakuntzaren ustez, "Herri Ekimen Legegilearen eztabaida eragoztea, EAJk eta PSEk nahi duten bezala, astakeria litzateke, demokraziari iruzur egitea eta autogobernuari erabat uko egitea".
Duela aste batzuk Pentsiodunen Mugimenduko HELarekin gertatutakoa ere gogoratu du idazkari nagusiak. "Bigarren aldiz denbora gutxian, EAJk eta PSEk izaera elitista eta gizarte antolatuarekiko mespretxua erakutsiko lukete".
Horregatik guztiagatik, Lakuntzak Legebiltzarrean esan du aurrera jarraituko duela borroka sindikalak LGS propioa lortu arte, 120.000 langile prekarietatetik ateratzeko.