Beste behin hitzik ez duela argi utzi du Iribas kontseilariak: azkenean ez dira Goi-Kontserbatorioan oposizioak izanen

2014/02/07
Nafarroako Parlamentuan Goi Mailako Kontserbatoriorako oposizioak izanen zirela iragarri ostean, Hezkuntza Departamentuak ez dituela deituko adierazi die sindikatuei.

Goi Mailako kontserbatorioko langileriaren %70a ez da plantilla egonkorra eta haietarik erdia baino gehiago behin-behineko langile prekarioak dira. Horregatik eta Goi Mailako Kontserbatorioko irakasle zein ikasleek halaxe eskatzen zutelako, Iribas jaunak oposizioak egonen zirela iragarri zuen Parlamentuan.

Ordea, otsailak 5eko Hezkuntzako Mahai Sektorialeko bileran, Hezkuntza Departamentuak sindikatuoi adierazi zigun ez dituela azkenik Goi-Mailako Kontserbatoriorako oposizioak deituko.

ELA sindikatuaren ustetan, erabakiak argi uzten du Iribasek zuzendutako Departamentuak enplegu suntsiketa areagotu eta prekarietatea hedatu besterik ez duela egin: 2011 urtetik ez dira oposizioak deitu; eskola orduen eta ratioen igoeraren ondorioz 700 lanpostu suntsitu izan dira; ehunka behin-behinekok ez dituzte oporrak kobratzen eta irakasleentzako laguntza zentruak itxi dira beste txikizioen artean. 

Horregatik guztiarengatik, ELAk uste du Iribasek bere ardurarekin segitzeko gaitasuna galdu duela.