ELAk "Barrura begiratzeko leihoak" dokumentalaren inguruko eztabaida salatu du

2015/10/28
ELAk espero du honelako polemika artifizial eta elektoralistek beren helburua ez iristea, hots, ez dezatela ahuldu komunikabide publiko batek izan behar duen bultzada demokratikoa, gizarteko sektore zabalei hedabide honen ateak itxiaz. Dokumentala joan den igandean ikusi ahal izan zen ETBn.

ELAko atal sindikalak EITBn bere iritzia eman nahi du Barrura begiratzeko leihoak dokumentala eman izanak sortu duen polemika dela eta.

Lehenik, ELAren atal sindikalak uste du komunikabide publikoek demokrazian funtsezko eginkizun bat dutela, besteak beste gure gizartean dauden iritzi, proposamen eta egoera anitzen berri ematea. Aniztasuna islatzeak ez du esan nahi telebista publikoa programatu eta zuzentzen dutenak emititzen den guztiarekin bat datozenik.

Bigarrenik, sindikatu honek gogoratu nahi du presoak pertsonak direla eta, horrenbestez, inork kendu ezin dizkien eskubide batzuk zor zaizkiela. Horregatik, ELAk uste du euskal gizarteak baduela eskubidea pertsona hauek, beren historia eta espetxean bizi duten egoera ezagutzeko, gero gai honen inguruan, beste hainbaten inguruan bezala, iritzi bat osatzeko gauza izan dadin. Hori lortzeko lagungarri izango diren informazio eta agiriak emititzea osasun eta normaltasun demokratikoaren isla dira.

Hirugarrenik, ELAren atal sindikalak euskal presoak sakabanatuta egotea salatu nahi du. Pertsona hauek beren jatorriko tokietatik urrunduta mantentzea oinarri konstituzionalen aurkakoa da, polemika sortu dutenek oinarrion aitzindari direla esanagatik ere. Bada, ELAk uste du praktika hau, arbitrarioa eta salbuespenezkoa, oztopo bat dela normalizazio politikorako.

Horregatik,

  • ELAk bere elkartasuna adierazi nahi die erakundearen zuzendaritzari eta programazio arduradunei.

  • Espero dugu honelako polemika artifizial eta elektoralistek beren helburua ez iristea, hots, ez dezatela ahuldu komunikabide publiko batek izan behar duen bultzada demokratikoa, gizarteko sektore zabalei hedabide honen ateak itxiaz.

  • Aitzitik, behar-beharrezkoa da erakunde publikoa osatzen duten pertsona guztien artean gizarte anitz eta demokratiko bat indartzeko kontzientzia eta borondatea hedatzea.