Espainiako gobernuak protesta soziala isilarazi eta segurtasuna enpresa pribatuen esku utzi nahi du

2014/01/15
Espainiar parlamentuan Herritar Segurtasunari eta Segurtasun Pribatuari buruzko legegaiak aztertzen ari dira. ELAk uste du helburu argia dutela, gizarteko protesta galaraztea murrizketa sozialak ezartzen jarraitzeko, eta horrekin desberdintasuna areagotzeko.

Espainiar parlamentuan Herritar Segurtasunari eta Segurtasun Pribatuari buruzko legegaiak aztertzen ari dira. ELAk gogora ekarri nahi du EAEko Segurtasun Legea erabaki zenean esandakoa: "ELAk segurtasun politika integral bat aldarrikatzen du, non jardunbide nagusia pobreziaren eta bazterketaren aurkako borroka izango den". Izan ere, txirotasuna eta bazterketa soziala baitira segurtasunarentzako arriskurik handiena; haatik, PPren gobernuak gai honetaz baliatu nahi du pobrezia gero eta handiagoa izateak eragiten duen haserre soziala baretzeko. Gure ikuspegitik, segurtasun politika eragingarria izan dadin errora jo behar da, delituak eragiten dituzten zergatietara, eta jarduera poliziala kontrol publikoaren pean jarri behar da.

Prestatzen ari diren Segurtasun legeak krisi garaiotan indar handia hartu duten protesta moduak zigortuko ditu; helburua haserrea adierazteko modu horiek ez kaleratzea da. Hain zuzen, ez da kasualitatea zigortzen diren jokabideak protesta mota berriak izatea. Baina oraingo zinezko arazoa beste bat da: eskakizun administratiboekin manifestazio eta adierazpen askatasuna mugatzen ari dira, esaterako Nafarroan, non manifestazioak debekatu egiten dituzten jakinarazpen epea bete ez delako aitzakiarekin (Europako Kontseiluko Giza-Eskubideen komisionatuak hau salatu du). Horregatik, legea aldatuz gero manifestazio eskubidea gauzatzeko erraztasunak eman beharko lituzkete, eta bitartekoak jarri beharko lirateke oinarrizko eskubide zibil horiek babesteko.

Halaber, Segurtasun Pribatuaren legearekin gobernuak segurtasun publikoa ere pribatizatu nahi du. Gobernuak berak aitortzen du legearen xedea polizia eta segurtasun pribatuaren ratioak Europako batez besteko mailarekin parekatzea dela (estatuan Europan baino polizia gehiago eta segurtasun pribatuko agente gutxiago dago). Esparru honetan, gainera, eztabaida bestelakoa izan beharko litzateke, jarduera polizialaren gaineko kontrol soziala nola areagotu alegia, baina PPk beste zerbait nahi du, segurtasuna pribatizatu eta beraren gaineko kontrol publikoa izatez ezabatu. Bide batez, bermeak dituzten lanpostuak suntsituko dira, horiek enplegu prekarioz ordezkatzeko. Legeari buruzko iritzia ematerakoan, bestalde, oso kontutan izan beharrekoa da segurtasun enpresa handiak noren esku dauden, eta saltoki handiek eragiten duten presioa, lapurreta txikiei aurre egiteko asmotan.

Bi legegaiak batuta, etorkizun iluna ikusten dugu giza-eskubideei eta kalitate demokratikoari dagokionez. ELAk uste du helburu argia dutela, gizarteko protesta galaraztea murrizketa sozialak ezartzen jarraitzeko, eta horrekin desberdintasuna areagotzeko. Horregatik, espainiar kongresuan eta senatuan ordezkaritza duten euskal alderdiei dei egiten diegu lege hauen aurkako jarrera ager dezaten.

Halaber, ELAk EAEko eta Nafarroako gobernuei eta Hego Euskal Herriko udalei eskatuko diegu lege hauek ez ditzatela aplikatu eta legeak diskrezioz aplikatzeko ematen duen aukeraz balia daitezela arauhauste berriak ez zigortzeko, nahiz segurtasun publikoaren pribatizazioa saihesteko. Bestalde, euskal administrazioek ezin dituzte onartu beren jarduera esparruan kanpotik ezarritako aginduak; aitzitik, saia daitezela polizien eginkizun nagusia, segurtasun publikoa gizartearen mesedetan bermatzea, izan dadin.