Rajoyren gobernuak aurkezturiko "Udal Administrazioaren berdimentsiorako" legeak kaleratzeak ekarriko ditu
Mariano Rajoy buru duen Gobernuak, "Udal Administrazioa birdimentsionatzeko eta jasangarri" izateko lege aurreproiektuaren txostena onartu zuen azken Ministro kontseiluan.
Lege aurreproiektu honek oraindik tramite batzuk pasa behar ditu eta Espainiako gorteetan eztabaidatu eta onartu edo atzera bota beharko da, baina helburu argia du: 2013 eta 2014ko ekitaldietan, udal administrazioan 7.129 milioi euro aurreztea. Horretarako alkateen soldatak eta udalerriaren tamainaren arabera udalaren kargu egon ahal izango diren zinegotzien kopuruak mugatuko ditu, baina neurri honekin nekez iritsiko dira ezarri duten aurrezte mailara.
Legeak, administrazio bakoitzaren konpetentziak zeintzuk izango diren zehaztuko ditu eta berauek "ordenan" jarriko ditu, konpetentzia bakoitza administrazio batena izan dadin, horrela bikoiztasunak ekiditeko. Hau da, gaur egun Udaletxe eta Foru aldundiek eskaintzen dituzten zerbitzu asko, beste administrazio batzuk eskainiko dituzte eta batzuk desagertu ere egingo dira. Neurri hau aplikatzeak, langile laboralentzako talde kaleratzeak edo kaleratze objektiboak ekar litzake -onartuta dago EREak aplikatzeko araudia- eta bai funtzionario eta baita laboralentzako mugikortasun geografiko eta funtzionala ere.
Mankomunitateek kontrol izugarria izango dute aurrekontuekin eta defizit helburuekin betetzeko. Honi aurrera eraman nahi duten konpetentzien erregulazioa gehituz gero, egoera larrian geratuko direla esan dezakegu, langileak izango baitira neurri hauek jasango dituzten lehen kaltetuak.
Gainera, Lege honek, estatuko Gobernuaren kontrola areagotu nahi du udalengan, zentralizaziorako bidean, kontu-hartzaileei botere gehiago emanez. Hauek estatuaren menpean egongo dira eta Gobernuari baimena emango dio, udaletxeetan, kontrol prozedura arauak zuzenean ezartzeko.
ELAk irmoki arbuiatzen du Lege aurreproiektu hau, udaletxe eta Foru Aldundietatik eskaintzen diren zerbitzu publikoen kalitatea gutxitu egingo delako eta instituzio publikoek, enplegua defendatu eta sortu beharko luketen momentu honetan, Lege hau aplikatzeak enplegu publikoaren suntsiketa ekarriko duelako.
Horregatik, ELAk, Euskal Gobernuari eta Nafarroako Gobernuari, Lege hau Euskal Herrian ez aplikatzeko neurriak har ditzatela exijitzen die. Gure konpetentzia propioak eta gure herriak dituen eskubide historikoak defendatu ditzatela eta Madrildik inposatu nahi dizkiguten neurriak ez ditzatela aplikatu. Euskal Herritarrok nahi eta merezi ez ditugun neurriak baitira hauek.