Araba Borrokan: Zeintzu dira helburuak?

2013/06/10
ELAk ez du parte hartuko datorren larunbaterako Araba Borrokan plataformak ultraktibitatearen desagerpena salatzeko deitu duen manifestazioan. ELAren iritziz, funtsezkoak diren hainbat galderei erantzun gabe jarraitzen du plataforma honek.

 

ELAk erabat arbuiatu ditu erreforma laboralak, eta hauen ondorioen artean, baita hitzarmenen ultraaktibitate edo aurrera-eraginaren desagerpena ere. Datorren ekainaren 15erako hainbat sindikatu eta gizarte-mugimenduk manifestazio bat deitu dute Gasteizen ultraaktibitatearen amaia salatzeko. Halere, ELAren ustez, Araba Borrokan plataformak auzi hau aztertzeko funtsezkoak diren gai batzuri buruz ez du ezer esaten:

1.- Joan den astean CCOOek, UGTk, CEOEk eta CEPyMEk Madrilen ultraaktibitatearen inguruko akordio bat sinatu zuten. Akordioaren arabera, patronalak erabakiko du hitzarmena luzatzen den ala ez, eta hitzarmena ez da luzatuko ugazabek nahi ez badute. Akordio honen aurretik patronalak bazekien erreforma laboralari esker uztailaren 7an ultraaktibitatea desagertuko zela; orain, akordioa honekin beste aukera bat ematen diote, hitzarmena derrigorrezko arbitraje bidez ixtea. ELAk akordio hau ez du onartzen, ez baita bidezkoa erreforma laboralak ebatzi gabe utzi zuen gai batean -ultraaktibitatea bere hortan manten zitekeela, alegia- irtenbidea izatea patronalari nahi duena egiteko gakoa ematea. Zer iritzi du Araba Borrokan plataformak honi buruz? Bat ote dator?

2.- CCOOek eta UGTk 2012ko urtarrilean CEOErekin ANC delakoa (Negoziazio Kolektiboari buruzko Akordioa) sinatu zuten. Testu hartan esaten zen soldatei zegokiela “enpresen lehiakortasun ezaren ardura”. Harrigarria! Gainera, sinatzaileek soldaten moderazioaren helburua beren gain hartu zuten. Duela gutxi CEOEk esan du akordio hark ez duela behartzen, eta bere kideei gomendatzen die “erreformaz balia daitezela hitzarmenak goitik behera aldatzeko”. Zer esan dezake Araba Borrokan-ek praxi sindikal honetaz?

3.- Joan den maiatzaren 30erako hainbat sindikatu eta gizarte-erakundek greba orokorra deitu genuen. Grebak salatzen zuen puntu nagusietako bat soldaten aurkako erasoa zen, eta gobernu eta patronalek soldatak jaisteko daramaten estrategia koordinatua. Esan izan dugu sindikalismoak soldatak jaisteko operazio horretan kolaboratuz gero soldatekin batera enplegua ere galduko dugula. Haatik, greba orokorrerako deialdiaz ere plataformak ez zuen ezer esan.

ELA prest dago borroka konkretuetarako indarrak batzeko; erreforma lazgarri bati egin behar zaio aurre. Badakigu, gainera, PP beste bat ari dela prestatzen, lanean hasten diren pertsonentzako esplotazio baldintzak ezartzearren, hitzarmenaren edo, are, gutxieneko soldataren azpitik. Hau ere urrats bat harago joango da lanaren gizatasunaren galbidean.

Gure ustez behar-beharrezkoa da zehaztea batasun bat zertarako iritsi nahi den. Hau argitu ezean asmo oneko plataforma hauen inguruan literatura indarge bat sor liteke, inor mintzen ez duena, baina praxiak horrekin zerikusirik ez duela (eta horixe da, hain zuzen, plataformaren helburua). Egoera aski konplexua eta gogorra da, hizkuntza bikoitz hori ez erabiltzeko adina.

ELArentzat ez da bat ere positiboa negoziazio kolektiboaren oraina eta etorkizuna baldintzatuko duten gai hauen inguruan plataformak ezer argirik ez esatea. Antza bere asmoa da bat egiteko prozesu bat hauspotzea, baina alde batera utzita partaide diren erakundeek eguneroko ekintzetan zenbateko koherentzia duten.

Horregatik, eta funtsezko gai horiek argitzeke daudela deitoratzen duelarik, ELA ez da izango ekainaren 15eko manifestazioan.