Estatalizazioaren bidean Bizkaiko Ostalaritzako Hitzarmena indargabetu nahi dute
Ezin da onartu patronal horrek eta CCOO eta UGT sindikatuek (zeinek sektore honetan EAE mailan %18ko ordezkaritza duten) horrelako hitzarmen bat sinatzerik; honek, EAEn aplikatuz gero %50eko soldata jaitsiera eta urteko 50 ordu gehiago ekarriko lieke eragindako langileei. Ostalaritzako hitzarmena indargabetzeko asmo horren ondorioa sektorean miseria eta prekaritatea hedatzea litzateke.
ELAk nabarmendu du CCOO eta UGT negoziazio kolektiboa estatalizatzeko estrategia ari direla garatzen. Sindikatuok laguntza aktiboa ematen dute negoziazio probintziala desagerrarazteko; hala frogatzen du Sukaldaritzako hitzarmen estatala eta antzekoak sinatu izanak. Euren babesik gabe patronalaren egitasmoa ez litzateke egingarria. Hitzarmen hau sinatzearen truke prebenda sindikalak lortzen dituzte, enpresek ordaindutako liberatuak.
ELAk joan den astean patronala, CCOO eta UGT Madrildik ezartzen ari diren estatalizazioaren adibideak eman zituenean azaldu zuenez, estrategia honekin ere bat datoz arrazoi desberdinengatik Confebask, Eusko Jaurlaritza (sukaldaritzako hitzarmena bere azpikontratei inposatzen dielarik) eta Mondragon Korporazioa (arrazoi beragatik).
Datu garrantzitsua da Bizkaiko Ostalaritza Hitzarmena Confebaskeko kide ez den patronal batekin negoziatu zela, eta ELAk, CCOOek eta UGTk sinatu zutela. Bizkaian bi sindikatuok duten posizioa zalantzan dago, estatu mailako beren konfederazioen jokabidea ikusirik.
Euskal neoliberalei estatuko legeak eta hitzarmen txarrak oso ondo datozkie. Euskal langileei, aldiz, ez. ELAk ez du onartuko prekaritatea hedatzerik patronalak, CCOOek eta UGTk nahi duten hitzarmenen estatalizazioaren bidetik; horregatik, egoki deritzen bitartekoak erabiliko ditu euskal eremuan askatasun sindikalaren eta negoziazio kolektiborako eskubidearen alde.