Estatutu berriaren aurka langileek duten jarrera agerian utzi du lanuzteak
Estatutuaren zirriborroak kanpoan uzten ditu langile publikoen lan baldintzak hobetzeko “funtsezkoak” diren hainbat aldarrikapen:
• Behin-behinekotasuna murrizteko mekanismo eraginkorrak.
• Galdutako erosteko ahalmenaren berreskuratzea.
• KPIaren araberako ordainsari-igoera.
• Asteko 32 orduko lanaldia ezartzea.
• Errelebo-kontratuaren figura ezartzea.
• Arreta euskaraz jasotzeko eskubidea bermatzea. Zirriborroan ez da aurreikusten euskararen normalizazioaren inguruko neurri bat bera ere.
• Pribatizazioa eta externalizazioa saihesteko neurriak.
• Telelanaren ezarpena.
• Maila eta azpimaila bakoitzeko lanpostuen sailkapena, maila akademikoaz gain, betebeharreko eginkizunen, erantzunkizunen eta sarbide-proben ezaugarriak kontuan hartuko dituena.
• Laboralak diren langileak funtzionarizatzeko aukera.
Funtzio Publikoak iragarritako neurri nagusia karrera profesionalaren ezarpena da. Hala ere, 2032ra arte ez da osorik ordainduko dagokion zenbatekoa. Gainera, haren garapena balorazio irizpideen menpe dago, hala nola “lan jardunaren ebaluazioaren emaitza”; beraz, tarteen igoera ez da bermatzen gaur egun ezezagunak diren parametroak dituen ebaluaziorik gabe.
ELAk dio sektore publikoan lan baldintza hobeek zuzenean eragiten dutela hezkuntza, osasuna edo gizarte zerbitzuak bezalako funtsezko zerbitzuen kalitatean. Horregatik, gaur egungo akordioak aukera historiko bat galtzea dakarrela uste du, bai enplegu publikoa bai herritarrek jasotzen dituzten zerbitzuak indartzeko.