Nafarroa: Aldaketa ez da gauzatu oraindik
Duela urtebete izan ziren azken foru-hauteskundeak. ELAk agiri honetan Nafarroak bizi duen garai politiko berriari buruzko gogoeta eguneratu nahi du, Gobernuaren ekintza aztertu eta aldaketa sozial eta politikoaren aldeko bere jarrera berretsi.
2015eko maiatzaren 24 ondoren ELAk pozez hartu zuen UPN-PSN gobernuen aldi ezin okerragoaren amaiera. Agertoki berri hau zela eta, zeina sortzeko ELAk ere bere ekarpena egin zuen, komeni da gogoratzea alderdi horiek botere instituzionala galduagatik ez dela botere-egitura orokorrago bat, erregimena delakoa, desagertu.
Halaber, sindikatuak aipatu izan du gobernu aldaketak ez duela berez aldaketa soziala esan nahi, honek aurrekontu-, zerga- eta gizarte-politikak errotik berritzea eskatzen baitu.
Jakinarazi zuenez, ELAk lan egingo du gizarte-politika gobernu honentzako lehentasun bihur dadin. Horretarako, gobernuari erregimeneko egitura zabalek eragingo dizkioten presioak kontutan izanik, ELAk ezinbesteko jotzen du interpelazioa eta aldaketa-politikaren aldeko mobilizazio soziala indartzea. Interpelazio horri benetan aldaketa bilatzen duen gobernu batek ez lioke fidagaitz begiratu beharko; aldiz, helburua lortzeko aktibo gisa ulertu beharko luke.
ELAk 2015eko uztailaren 27an plazaratu zuen bere balorazioa Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak sinatutako Akordio Programatikoari buruz; honek gobernu berriaren ekintzarako ildoak urratzen zituen. Balorazio hartan gure kezka adierazi genuen akordioak funtsezko bi gai ez zituelako jaso: fiskalitatearen aldaketa eta lan-harremanen beste eredu bat.
-
Fiskalitateari buruz esan genuenez, “zerga-politika aldatu ezean, hots, fiskalitate justua izatea eta biltzen den diru kopurua gehitzea ezinezkoa bada (oinarritzat hartuta iruzur fiskalaren jazarpena eta enpresek, errenta altuek eta kapitalak ordaintzen dituzten zergen igoera) ezinezkoa da gizarte-gastura bideratutako aurrekontua behar bezala gehitzea”.
-
Lan arloan eskatu genuen “'elkarrizketa soziala' delakoaren inguruan eratu den erregimen perbertsoa desegitea; bere oinarria funts publikoetako milioika euro patronalaren, UGTren eta CCOOen esku uztea da, zuzenean beraiek kudea ditzaten”. Akordio Programatikoak honi buruzko konpromisorik ez zuen aipatzen.
Aitzitik, balorazioan ELAk beste eremu batzutako neurriak aintzat hartu zituen, esaterako euskararen, kulturaren edota memoria historikoaren ingurukoak.