120.000 langabetuk ez du inolako langabezia saririk jasotzen

2016/05/04
ELAren aburuz langabezia maila onartezina da. 195.440 langabetu daude, eta langabezia-tasa %14,6koa da, 28-EBeko bataz bestekoa (%8,8) baino 5,8 puntu gehiago.

Enplegu zerbitzu publikoak gaur argitaratu dituen datuek azken hilabetean langabe kopurua 2.615 pertsonetan jaitsi dela erakusten dute, guztira 195.440 langabetu izanik Hego Euskal Herrian. Azken urteko bilakaerak 18.371 pertsona gutxiago daudela lanik gabe adierazten du.

Langabe kopurua jaisteak ez du suposatzen, bere horretan, enpleguaren egoera hobetzen ari denik. Zentzu honetan, ELAk ondorengoa nabarmentzen du:

  • Langabezia maila onartezina da. 195.440 langabetu daude, eta langabezia-tasa %14,6koa da, 28-EBeko bataz bestekoa (%8,8) baino 5,8 puntu gehiago.

Langabetu guztien %54,3a emakumeak dira, eta emakumeen presentzia gero eta handiagoa da gainera. Izan ere, azken urtean 3,1 puntu hazi da portzentaia hau, %51,2tik %54,3ra pasaz.

  • Langabetuen egoera gero eta okerragoa da. Martxoan langabezian zeuden 211.811 pertsonetatik, soilik 41.944k jaso zuten kotizaziopeko langabezia prestazioa (% 21,2), eta 120.430 langabetuk ez du inolako prestazio edo subsidiorik jaso, langabetu guztien % 60,8ak.

Zentzu horretan langabezia prestazioen gastua % 16,4 jaitsi da azken urtean (2016ko martxoan 2015eko martxoan baino 15,8 milioi euro gutxiago bideratu dira), langabeziak % 7,7 jaitsi den bitartean

  • Prekarietatea hazten ari da. Gero eta baldintza okerragoak jasan behar dituzte kontratu berriak dituztenek: 2016ean egin diren kontratu guztien % 92,6a aldi baterakoa izan da.