Greba Arabako erresidentziak

ELAk soldatak eta lanaldia hobetzea eskatu du azaroko lehen greba egunean

ELAk soldatak eta lanaldia hobetzea eskatu du azaroko lehen greba egunean
Sindikatuak adierazi du azken negoziazio mahaian, gutxi izan arren, aurrerapausoak eman zirela negoziazioan. Hala ere, hitzarmen berriaren funtsezko gaiak, hala nola soldata eta lanaldia, konpondu gabe daude oraindik. Azaroan Arabako zahar etxeetan deitutako grebaren lehen egunak jarraipen zabala izan du. Emaitza bera espero da biharko deitutako grebarako.

Azarorako Arabako erresidentzietan deitutako lehen greba egunak -bihar, azaroak 5, bigarren deialdia izango da- jarraipen zabala izan du. Deialdiaren arrakasta ikusita, ELAk patronalei eta Arabako Foru Aldundiari eskatu die urrats sendoak eman ditzatela hitzarmen berria sinatzeko une garrantzitsu batean egonda, negoziazio bete-betean. Azken negoziazio mahaian aurrerapausoak eman diren arren, oraindik ez dago hitzarmen berriko gai nagusiak, soldata eta lanaldia, konponduko dituen proposamenik. Sindikatuak salatu duenez, patronalek negozioa egiten jarraitu nahi dute sektorearen prekaritatearekin, eta, horregatik, Aldundiari -egoeraren arduradun gisa- 6 urte baino gehiagoz luzatzen ari den gatazka konpontzeko eskatu dio.

Gaur, azaroak 4, elkarretaratzea egin da 11:00etan, Gasteizko Plaza Berrian; arratsaldean, manifestazio bateratua egingo da 17:30ean, Babesgabetuen Plazatik abiatuta. Bihar, azaroak 5, elkarretaratzea egingo da Diputazioan 11:00etan eta arratsaldean manifestazio orokorra 17:30ean Babesgabetuen Plazatik abiatuta.