Lau langile kaleratu dituzte lan sindikala egiteagatik
ELAk salatu du Sidenorreko (Vitoria-Gasteiz) zuzendaritzak lau langile kaleratu dituela lan sindikala egitegatik. Izan ere, mantentze hidraulikoko langileak gainontzeko mantentze tailerretako beharginekin parekatzea eskatu zuten. Beste tailerretako langileek lan kategoria altuagoa zeukaten, beraz, baita soldata altuagoa ere. Kaleratuek erreklamazioa jarri zuten lan diskriminazioa salatzeko. Bada, sindikatuaren ustez, enpresak zigortu nahi izan ditu lan sindikala egiteagatik eta kolektibo horrek diskriminazioa pairatzen zuela salatzeagatik.
Langileek erreklamazio bat jarri zuten eta enpresak hasiera batean ontzat eman zuen. Sei hilabeteren ostean, Sidenorrek lan baldintza berriak onartu zizkien langileei, eta, ondorioz, langileek kategoria finkatu zuten. Hala ere, puntu horretan, zuzendaritzak aitortutako eskubideak kendu zizkien, eta soldata aldea itzultzeko eskatu zien. Egoera horren aurrean, langileek epaitegietara jo zuten. Egun gutxira, enpresak diziplina espedienteak ireki zituen eta kaleratu zituen.
ELAren ustez, erabaki hori "onartezina eta neurriz kanpokoa da". "Asmo txarreko jarrera da, langileak beldurtzeko egin dute", dio. Gainera, gaineratu du kaleratze horiekin oinarrizko eskubideak urratzen ari daitezkeela, hala nola askatasun sindikala, jarduera sindikala eta lan eskubideen defentsa kolektiboa zigortzeko.