Hidrogenoaren Euskal Korridorea eta Europako funtsa eztabaidagai
Plazaolak gogoratu du Hidrogenoaren Euskal Korridorea garatzeko 1.000 milioi euroko inbertsioak egiteko prest azaldu direla EAEko erakundeak eta enpresak. Europan ere lobby indatsua dago hidrogenoaren alde lanean. Bada, Euskal Herrirako iritsiko diren hidrogenoarentzako inbertsio horietako batzuk Europako funtsetatik etorriko dira, eta biltegiratzeko zein ekoizteko baliabideak sustatzeko erabiliko dira, besteak beste. Gakoa, ordea, hidrogeno horren ekopizpenean dagoela dio Plazaolak: argindarra eta ura franko behar dira hidrogenoa ekoizteko, eta hori nola lortzen den, horren arabera izango da hidrogenoa berdea -energia berriztagarrien bidez sortutakoa-, edo grisa -energia fosilen bidez eskuratutakoa-. Horra, beraz, aurreneko talka: “Krisi ekologikoa ari gara sufritzen eta energia fosilak berriztagarria ez den hidrogenoagatik ordezkatzeak ez du ezer konpontzen”. Horregatik, ez da aski energia iturrien ordezkapen hutsarekin. ELAk uste du, berriztagarrien aldeko apustu sendoaz gain, energi kontsumoaren murrizketa, eta sektore ekonomikoaren transformazioa eta desazkundea ere bultzatu behar direla, besteak beste.
Europako funtsen eta trantsizio ekonologikoaren arteko harremanez aritu da Fernandez Ortiz de Zarate, bestalde. Europako funtsen 'mitoez', zehazki. Horietako bat da lagungarri izango direla trantsizio hori gauzatzeko. Baina ekonomilariak ziurtatu du enpresa handien esku geratuko direla, eta, ondorioz, euren neurriko trantsizioa sustatzeko baliagarriak izango direla, ez derrigor berdea. Gainera, digitalizazio sustatuko dute funtsek, eta lan munduaren 'uberizazioarekin' nekez bideratuko da lan eta kontsumo esparru berdeago bat. Hori guztia, gainera, ez da musutruk izango: funtsak baldintzatuta etorriko baitira.
Laster solasaldia ikusgai izango da ELAren webgunean.