ELAk salatzen du Lanbideren antolamendu-anabasa ez dela hobetu
ELAko afiliatuen batzarrek, urriaren 1ean egindakoek, uko egin diote Eusko Jaurlaritzaren eta LAB, CCOO eta UGT sindikatuen arteko akordioari, irailaren 30eko akordioari; eduki eskasak eta gutxieneko zehaztasunak ez dituelakoan, eta gatazka behar ez bezala itxi duelakoan.
Hasieratik beretik igartzen ziren nolakoak izango ziren hura bezalako akordio batek ekarriko zituen ondorio kaltegarriak. Eta halaxe izan da, hiru aste baino ez dira igaro harez geroztik eta ondorioak ageri dira:
-
Zenbait herritan, Lanbideren bulego bat baino gehiago dauden tokietan, iragarrita dago, dagoeneko, bulegoak bateratuko direla, eta behin bateratu ondoren, Lanpostu Zerrenda aldatuko dela. Bulego horietan lan egiten duten langileak 50 bat dira, eta ez dakite zein nolako eragina izango duen aldaketa horrek.
-
Bulego batzuetan postuei ez dagozkien eginkizunak agintzen dira.
-
DSBE/RGI programaren kudeaketa, lanpostu atxekipen eta amaieraren inguruan akordioak erebat zehazgabea da eta zehazgabetasun horrek ekar ditzaken interpretazio desberdinak azalean geratzen ari dira.
Horri gehitu behar zaio zenbait bulegotako antolamendu-anabasa; zeren, akordioa betearazteko presak direla-eta, bat-batean hartzen dira erabakiak. Pertsonala bulego batzuetatik beste batzuetara lekualdatzen da, zuzendaritzak antolamendu-irizpide argirik jarri gabe, eta zerbitzua antolatzeko modua bulego bakoitzeko langileen borondate onaren esku uzten da.
ELAren izenean azalpenak eskatuko dizkiogu Lanbideren Zuzendaritzari, eta langileok Gobernuaren jarrera aldarazteko tresna bakarra mobilizazioa denez, elkarretaratze baterako deia egin dugu. Elkarretaratzea gaur urriak 23, izan da Basauriko Lanbideren bulegoaren aurrean.