Grebak jarraipen zabala izan du berriro, gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak izan arren

Arabako erresidentzia eta etxebizitza komunitarioen sektoreko langileak kalera atera dira berriro, beren lan baldintzak duinduko dituen lehen hitzarmen probintziala aldarrikatzeko. Grebak jarraipen zabala izan du lurralde osoan. Sindikatuak adierazi du, beste behin ere, langileak tinko ari direla patronalen jarrera immobilistari aurre egiten.
Langileek elkarretaratzea egin dute goizean Aldundian, 11:00etan. Arratsaldean manifestazio bateratua izango da Babesgabetuen Plazatik Andre Maria Zuriraino, 18:00etan.
ELAk salatu du patronalek ez dutela borondaterik langileen baldintzak hobetuko lituzkeen akordio bat lortzeko. "Beren erantzukizuna onartu beharrean, enpresek presio eta xantaia darabilte, bai langileekiko bai Aldundiarekiko, lan eskubideen kontura beren irabazi marjina mantentzeko", deitoratu dute.
2019tik 50 greba egun baino gehiago egin ondoren, ELAk uste du badela garaia soldatak, lan kargak eta egonkortasuna hobetuko dituen akordio bat lortzeko. "Sektoreko langileek egoiliarren zaintzarekin eta arretarekin duten konpromisoa erakutsi dute; orain patronalen eta erakundeen txanda da", azpimarratu dute.