Arabako osteleritzako 40 enpresen aurkako salaketak erregistratu dira Lan ikuskaritzan
Sektorean ordezkaritza duten sindikatuen ekimena izan da Lan Ikusaritzan 40 enpresen aurkako salaketa k erregistratzea. Arabako osteleritzako hitzarmenaren negoziazio blokeatuta egonik, erabaki dugu sektorean bizi den prekarietate eta iruzurra azalaraztea. Ekimen honen bidez administrazioari exijitzen diogu egoera horren aurrean iniziatiba izan eta langileen eskubideak bermatzeko neurriak har ditzala.
Osteleritzako hitzarmena behin eta berriz urratzen dute 40 enpresa hauek, eta baita sektoreko enpresen gehiengoak ere. Langile gehienei eskatzen zaie kontratuan jasotakoa baino lanaldi handiagoa egitea, gaueko plusa edota igande eta jai-egunetakoa kobratu barik lan egitea, lanaldi murriztua dutenei ere ez zaie behar bezala ordaintzen, lan egutegirik ere ez dute izaten...Egoera jasanezin hori da Lan Ikuskaritzari jakinarazi zaiona.
Bide batez, sektoreko patronalei eskatzen zaie hitzarmenaren negoziazio serioa.
Patronalek hitzarmena boikoteatzen dute
Gogoratu behar dugu uztailan, Arabar ostalaritzako patronalaren aldetik (ASHOVI ETA SEA), egunean daukagun hitzarmen kolektiboaren lan baldintzen eta soldataren izugarrizko murrizketen proposamena jaso genuela. Honen ondorioz greba orokor bat egitea planteatu genuen mahai negoziaketa osatzen dugun sindikatu guztiek. Bi aldeek, baldintza berriekin irailean negoziaketak berriz hastearen konpromisoa hartu izanak, greba bertan behera uztea eta patronalaren proposamena alboratzea ekarri zuen.
Iraileko lehenengo bileran sindikatuek proposamen berri bat aurkeztu genuen, patronalak, ordea, ez zuen berdina egin, hartu zuten konpromisoari uko eginez. Irailaren 29an mahiaren beste bilera bat egitea adostu genuen eta patronalak bere proposamena 24an aurkezteko epea ezarri genuen, bi aldeak ados egonda. Patronalak berriz ere bere konpromisoa ez zuen bete eta ez zigun plataforma berririk aurkeztu eta 29ko bilera bertan behera utzi zuten agenda arazoak argudiatuz. Hurrengo bilera bat ezarri zuten urriak 8rako. Ezinezkoa dirudi arren, bilera horretan ez zuten idatziz proposamen berririk ekarri. Honek, patronalak gure hitzarmena berritzeko asmo falta adierazten du, seriotasun eta errespetu ezaz aparte.
Argi dago negoziaketa luzatzea eta boikotatzea dela patronalaren helburua. Jakinda hitzarmenaren indarraldia abenduan bukatzen dela, aukera gehiago izango dituzte presioa sartzeko, egoera horretan sartzen bagara sektoreko prekarietatea areagotuko baita.