ELAk Osalaneko 2014ko Kudeaketa Plana eragin eskasekoa jotzen du
ELAk Osalanen 2014. urteko Kudeaketa Plana aztertu du. Txosten horretan biltzen dira EAEn gauzatu beharreko jarduera nagusiak, lan-arriskuen prebentzioari dagokionez. Plan hori azkena izango da 2011-2014 urteetako Lan Osasunaren Estrategiaren baitan egongo direnen artetik.
Kritikatu beharreko lehen gauza plana garatzeko aurreikusten diren baliabideak dira. Azken urteetan Osalanen murrizketak ugariak izan dira. 2014.ean lan osasunera bideratutako inbertsioa ez da helduko BPGren %0,020ra ere. Hutsaren hurrengoa! Argi dago ezin dela ganorazko lan osasunaren politikarik egin diru horrekin.
Errealitatetik kanpo dago plana, berez errealitatea aldatu behar duenean. Izan ere, ez dio inolako aipamenik egiten krisiari, ez eta lan munduan geroz eta larriagoa den prekarietateari, nahiz eta gauza jakina izan enpleguaren kalitaterik eza dela, hain zuzen ere, lan istripu eta gaixotasunen jatorria kasu gehienetan. Era berean, enplegua galdu duten edo galtzeko arriskuan dauden langileez ere ahaztu egiten da, nahiz eta langile horien osasun psikosoziala erabat ukituta egon bizi duren egoera dela-eta.
Planean jasotako jarduerak aztertuz gero, berehala konturatuko gara Planaren jarduera gehienak aurreko urteetako jardueren jarraipen hutsa direla. Jarduera bakoitzaren balioespena egin gabe ere lan ildo berberak errepikatu dira, askotariko ekintzak aurreikusita daudelako itxurak ematearren.
Plana hamahiru jardute-arlotan sailkatu da. Jardute-arlo horietako baten bat aztertzeak merezi du:
- Osalanek eta Lan Aginpide eta Lan Ikuskaritzarekin izan beharreko harremanari dagokionez, borondate ona besterik ez da adierazten. Jakin badakigu Lan Ikuskaritza EAEra transferitu zenetik ez dela aurrerapausurik eman gai honetan.
- Osasun Saila eta Osakidetzarekin duen harremanean, lan gaixotasunen susmoak komunikatzeko sistemaren garapena bera ezartzen da helburu bezala oraindik ere. Sistema horrek ez du funtzionatzen. 2013.eko memoriak ere onartzen du Osalan eta Osasun Sailaren arteko harremanak ez direla errazak. 2013,ean balizko 802 lan gaixotasun komunikatu ziren, baina %10 jakinarazi zituen bakarrik Osakidetzak (beste %90 prebentzio-zerbitzuen eskutik etorri ziren).
Osasun Sailarekin beste lan batzuk ere ez dute aurrera egin: osasunaren zaintzaren kalitatea, lan gaixotasunen jatorrizko arrazoien ikerketa...
- Obra publikoari dagokionez, Lan Ikuskaritzarekin elkarlanean egin beharreko zenbait ekintza jasotzen da, baina inolako zehaztapenik gabe. Helburu gisa proposatzen da lurraldeetako jarraipen-batzordeetan parte hartzen jarraitzea, azpiegitura handietan lan-arriskuen prebentzioa lantzeko.
Jarduera horiek ez dira nahikoak, ezta gutxiagorik ere, obra publikoko langile askok jasaten duten egoera lazgarria ikusita.
- Arrisku ergonomikoei bagagozkie, plana ia zerotik abiatu da. 2013Ko balantzea egitean ez dela ezer aurreratu aitortu behar izan dute.
- Arrisku psikosozialen atalean proposatu diren ekintzak ez dira bat etorri arlo horretan dauden beharrizanekin, ezta arazoaren larritasunarekin ere. Osalanen 2013ko jarduerak arrisku horien mapa bat egitera mugatu dira, eta 2014ra begira egin beharrekotzat jo zuten hurrengo ekintza hau: “ enpresek eta prebentzio-zerbitzuek egiten dituzten arrisku-ebaluazioen barruan arriksu psikosozialak ere txertatzea aztertzea”.
Hala ere, Osalanek atal hori garatzeko dituen baliabideak erabat urriak dira. Bistakoa da enpresa gehienek ez daukatela eginda arriskuen ebaluazioa; eta horretaz jabetu arren ez da ezer egin, ezta koordinazioan lan egin ere Lan Ikuskaritzarekin.
Aztertutako puntu hauek argiro islatzen dute Kudeaketa Plan horren izaera: ausarta paperean, baina sobera generikoa, ez die inolako eskakizunik egiten enpresei, eta gainera ez du behar besteko aurrekonturik gauzatu ahal izateko. Ondorioz, oso eragin eskasa izango du langileen lan-osasunean.
Bilbon, 2014.eko abuztuaren 6an.