Iruñeko Udaleko hitzarmenak ez du subrogazioa bermatzen kontratazio publiko guztietan
Gaur plazaratu duten hitzarmenak Kontratu Publikoko Legeak zehazten duen kasuetan soilik bermatzen du subrogazioa; sindikatuak lege hau aldatu nahi du, hain zuzen, erabat eskasa dela uste duelako. Hori dela-eta ELAk erabaki du hitzarmen hau ez sinatzea.
Sindikatu honek gogorarazi nahi du Udalak eskuduntza osoa duela erabakitzeko baldintza agirietan subrogazioaren bermea bezalako klausula sozialak, derrigorrez bete beharreko sektoreko hitzarmenak, edota bete ezean enpresei zigorrak esartzea.
Egia da hitzarmenak ELAk planteatutako proposamen batzuk onartzen dituela, esate baterako baldintza agiriak betearazteko kontrol handiagoa, eta hau ELAk positiboki baloratzen du. Baina sindikatu honek ezin du ontzat eman gaur sinatutako akordioak soilik bermatzea egun dagoen legea, udalak baldintza agirietan subrogazioa sartzeko aukera duelako.
2014an ELA sindikatuak Herri Ekimen Legegile (HEL) bat sustatu zuen kontratazioetako baldintza-agiri guztietan klausula sozialak sartzeko helburuarekin. HEL hau 14.635 sinadurek babestu zuten, eta parlamentuko tramitearen ostean egun indarrean dagoen Kontratu Publikoko Legea aldatu egin zen (Foru Legea 6/2006).
ELAren ekimenari esker, administrazioetan subkontrataturik dauden langileen lan-baldintzak hobetzea lortu egin zen (derrigorrez bete beharreko sektoreko hitzarmena, bete ezean zigorrak…). Subrogazioari dagokionez, ELAren HELak kontratazio publikoko baldintza-agiri guztietan derrigorrezko subrogazioa exijitzen zuen. Baina, parlamentuko tramitean ELAk proposatutako testua aldatu egin zuten eta derrigortasuna mugatu zuten zerbitzuaren kontzesioa gertatzen zen kasuetara.
ELAk nahitaezkotzat jotzen du Kontratu Publikoen Legea aldatzea subrogazioa bermatu ahal izateko baldintza-agiri guztietan, administrazio publiko guztietan lanean ari diren azpikontratautako milaka langileentzat aurrera pausu garrantzitsua izango litzatekeelako. ELA Nafarroako Gobernuarekin eta alderdi politikoekin ari da bilerak egiten Kontratu Publikoen Legea aldatzeko eta subrogazioa bermatzeko.
Azkenik, ELAk Iruñako Udalari eskatzen dio kontratazio publikoetako baldintza-agiri guztietan subrogazioa bermatzeko akordioa lortzeko negoziaketa has dezala. Egoera guztietan subrogazioa bermaturik egongo balitz ELAk bat egingo luke gaur osatu den jarraipen batzordearekin.