ELAk salatu du Tubos Reunidos-eko zuzendaritzak lan-baldintzei erasotzeko hasi duen kanpaina

2016/02/18
Zuzendaritzak abendutik hona mehatxu egin die langileei “neurri gogorrak” hartuko dituela esanaz, soldata jaitsi eta lanaldia luzatzeko aukera baztertzen bada. Joan den astelehenean bertan langileei eskatu die 16 egun gehiago egin dezatela lan, baina ia berehala iritzi publikoan adierazten du ERTE bat beharrezkoa izango dela lan-kargarik ez dagoelako.

Tubos Reunidos-en enplegua erregulatzeko aldi baterako espediente (ERTE) bat prestatzen ari direla dioen albistea komunikabideetan agertu delarik, ELAk kargu hartu dio zuzendaritzari hain informazio garrantzitsua langileei aurrez ezer esan gabe hedatzeagatik.

Zuzendaritzak abendutik hona mehatxu egin die langileei “neurri gogorrak” hartuko dituela esanaz, soldata jaitsi eta lanaldia luzatzeko aukera baztertzen bada. Joan den astelehenean bertan langileei eskatu die 16 egun gehiago egin dezatela lan, baina ia berehala iritzi publikoan adierazten du ERTE bat beharrezkoa izango dela lan-kargarik ez dagoelako.

ELAk gogoratu nahi du 2015eko lehen bederatzi hiletan Tubos Reunidosek 19 milioiko EBITDA (esplotazio operatiboaren emaitza zerga eta amortizazioen aurretik) izan duela.

Salatu beharra dago lan-baldintzei erasotzeko daramaten beldur kanpaina; horretarako bozgorailu gisa jokatzen dute Lehendakariak eta Industria sailburuak. Hauek beti prest daude herri hau txirotzen duten eraso patronalei babesa emateko.

Bestalde, urtebete eta erdi luze joan da ELAk sektore honen egoera aztertze aldera Industria sailburuari bilera bat eskatu zionetik; ez du erantzunik eman, baina patronalarekin eta enpresarioekin egoteko beti izaten du astia. Jokabide honek agerian uzten du industrian lan egiten dutenekiko gutxiespena.