Federazioetako kongresuak

ELAko hiru federazioek azaroan egingo dituzten kongresuetara 840 ordezkari deitu dituzte

ELAko hiru federazioek azaroan egingo dituzten kongresuetara 840 ordezkari deitu dituzte
Hitzorduak honakoak dira: azaroaren 13an Donostian (Gizalan-Zerbitzu Publikoak), 20an Gasteizen (Zerbitzuak) eta 27an Barañainen (Industria eta Eraikuntza). Zerbitzuak federazioaren kasuan Ane Alberdi proposatuko dute idazkari nagusi izateko, Mari Cruz Elkororen ordez.

ELAko hiru federazioek guztira 840 ordezkari deitu dituzte azaroan egingo dituzten kongresuetara: 13an izango da Gizalan-Zerbitzu Publikoetakoa, Donostiako Kursaalen, 20an Zerbitzuak-ena Gasteizko Europa Jauregian, eta 27an Industria eta Eraikuntza federazioarena, Barañaingo Auditorioan. Aurrez ELA sindikatuaren Kongresua Bilbon izan zen, joan den ekainaren 2an eta 3an. Gaurko prentsaurrekoan, ELAko hiru federazioetako arduradunek informazioa eman dute, baita datozen lau urteetarako lehentasun izango diren ildo nagusien berri ere; aberastasunaren banaketa da ardatza, eta bereziki borroka benetako berdintasun soziala iristeko egingo dute, lantokietan zein horietatik haratago. Halaber, industriaren ezinbesteko eraldaketa eta zerbitzu publikoen defentsa ere, funtsezko zutabe demokratiko diren aldetik, aztertuko dira kongresuotan.

Igor Eizagirre, ELA-Gizalaneko (Zerbitzu Publikoak) idazkari nagusiak, Donostiako Kursaalen azaroaren 13an izango diren 240 ordezkariek bozkatuko duten proposamena aurkeztu du: ‘Publikoa sendotzeko antolatu’.

Kongresuan bost ebazpen bozkatuko dira, datozen lau urteetan federazioaren 34.416 afiliatuentzako ildoak ezarriko dituztenak. Edukiei dagokienez, Eizagirrek nabarmendu zuen "gobernuen utzikeria ikusirik, zerbitzu publikoen alde egin behar dugu, guztiona dena aldarrikatu". Gainera, antolakuntza sindikalari eman beharreko garrantzia eta euskara laneko hizkuntza izan dadin defendatuko dute. Datozen lau urteetako beste puntu garrantzitsu bat lan osasuna izango da, eta zaintza sektoreak publifikatzeko helburua.

Mari Cruz Elkoro Zerbitzuak-eko idazkari nagusiak aipatu duenez, 200 lagun izango dira Gasteizko Europa Jauregian azaroaren 20ko kongresuko ordezkariak; biltzar horretan Ane Alberdi Legorburu (Antzuola, 1993) proposatu dute federazioaren organoek idazkaritza nagusian Elkororen ardura hartzeko.

Kongresuaren goiburua ‘Berdintasunerako antolatu’ izango da. “Duela lau urte gure leloa izan zen ‘Arrakalatik berdintasunera’; ideia hura oso lotuta zegoen genero arrakalarekin eta sektore feminizatuekin. Oraingo leloa, aldiz, agindu bat da gizarteko eta lan munduko ertzetan dagoen jendea aintzat hartzeko. Prekaritatea batik bat pairatzen dute emakumeak, genero disidenteak, pertsona arrazializatuak edota aniztasun funtzionala dutenak... Berdintasuna esanahirik zabalenean aldarrikatzen dugu”.

Zerbitzuak federazioaren kongresuko beste ideia nagusietako bat izango da “1.600 euroko gutxieneko soldataren aldeko konpromisoa. Horrek esan nahi du ELAk ez duela horren azpitik akordiorik sinatuko. Ez da erraza izango: langa hori gainditzeko behar-beharrezkoa izango da antolakuntza eta ekintza sindikala”. ELA-Zerbitzuak federazioak lantegi horretarako 30.992 lagun ditu afiliatuta. 

Unai Martinez ELA-Industria eta Eraikuntza federazioko idazkari nagusiak eman du kongresuaren inguruko azalpena: Barañaingo Auditorioan izango da azaroaren 27an, eta goiburua, 'Langileekin eraldatu'; 400 ordezkarik hartuko dute parte, federazioak dituen 38.996 afiliatuen izenean. Kongresuan “gogoratu behar dugu gure negoziazio kolektiboaren indarra; azken urteetan greba asko egin ditugu, eta horrek akordio on ugari ixteko aukera eman digu; horrela jarraituko dugu”. “Bestalde, industriaren eraldaketan jarri behar dugu fokua, hori gauzatzean enplegu duina, zinezko trantsizio ekosoziala eta diskriminazio oro desagerraraziko duen genero berdintasuna bermatu behar baitira”.

Hiru federazioen kongresuetako dokumentazioa (kudeaketa txostena, ebazpenak, afiliazioaren inguruko eta hauteskunde sindikaletako datuak, etab.) eskura daude www.ela.eus webgunean.

 

Batzorde Iraunkorrak. Proposamena

GIZALAN

  • Igor Eizagirre Alza: Idazkari nagusia. Ertzaintza
  • Iratxe Mier Villarias: Antolakuntza. Genero Berdintasuna 
  • Esther Saavedra Sanmiguel: Osasungintza Publikoa 
  • Miren Zubizarreta Juaristi: Hezkuntza
  • Leire Gonzalez Zubiri. Hezkuntza / Planifikazioa
  • Eneko Agirreurreta Serna: Administrazio Autonomoa, Estatua, Justizia eta Enpresa Publikoak
  • Urdax Bañuelos Ruiz de Erentxun: Udal- eta Foru-Administrazioa, Gasteiz, Nafarroa
  • Aintzane Orbegozo Zigaran: Urola-Kosta, Deba, Oria-Goierri, Oarso-Bidasoa
  • Txomin Lasa Ormaetxea: Donostia
  • Julio Fombellida Fernández: Gernika-Durango, Eskumaldea, Ezkerraldea-Kadagua
  • Izai Bujanda Cambra: Nafarroako Gobernua eta Enpresa Publikoak 
  • Arkaitz Herreros Garai: Bilbo, Ibaizabal-Nerbioi

 

ZERBITZUAK

  • Ane Alberdi Legorburu: Idazkari nagusia
  • Irati Ugarte Diaz: Genero Berdintasuna. Eskumaldea
  • Janire Ornes Uriondo: Bilbo
  • Garazi Garate Otsoa: Ezkerraldea-Kadagua, Gernika-Durango, Ibaizabal-Nerbioi
  • Egoitz Iturbe Saez de Nanclares: Gasteiz
  • Manex Elortza Larrea: Donostia, Deba
  • Maria Uria Etxeberria: Oarso-Bidasoa, Oria-Goierri, Urola-Kosta
  • Pablo Sanchez González: Nafarroa

 

INDUSTRIA ETA ERAIKUNTZA

  • Unai Martinez Azarola: Idazkari nagusia
  • Arrate Elkoro Zengotitabengoa: Genero Berdintasuna. Nazioartekoa. Ezkerraldea-Kadagua,
    Bilbo, Bizkaiko Eraikuntza
  • Mikel Etxebarria Campos: Konkurtso Taldea. Ibaizabal-Nerbioi
  • Sergio Vazquez De la Fuente: Gernika Durango, Eskumaldea
  • Esther Arruti Roteta: Oarso-Bidasoa, Oria-Goierri, Donostia, Gipuzkoako Eraikuntza
  • Ioritz Mendiguren Lekuona: Nafarroa, Deba
  • Amagoia Lasagabaster Altube: Gasteiz, Urola-Kosta