Enpresa itxiera iragarpenak direla eta ELAk salatu du Confebaskek eskandaluzko isiltasuna mantentzen duela
2016/04/19
Atzo, Tapia sailburua bertan zela, Confebaskek bere lan-harremanen eredu berria aurkeztu zuen. Azken hiletan Euskal Herrian enpresa itxierak bata bestearen atzetik iragarri dituzte, eta hauek ekonomiari, baita hainbat eskualdetako familiei ere, kalte handia eragin diezaiekete.
ELAren ustez beharrezkoa da gogoratzea kinka larrian dauden milaka lanpostuen artean ixten diren lantegietakoak daudela, baina baita tailer txiki, ehundaka garraiolari eta autonomoenak ere. Confebaskek eta bere bazkideek ez dute honetaz inolako aipamenik egin, ez azken hilabeteetan, ezta atzo ere. ADEGIk, CEBEKek eta SEAk berriro utzi dute agerian gizarteari bizkar emanda bizi den elite patronal bat ordezkatzen dutela.
Bereziki larria da inolako ordezkaritza demokratikorik ez duen patronal honek, gero eta desberdintasun handiagoko gizartea nahi duen lobby honek, etengabe Gasteizko gobernuaren babesa izatea.