Muñoz : "Atzokoak balio handia du"

2013/05/31
Muñoz : "Atzokoak balio handia du"
ELAko arduradun eta militanteei grebarako egindako lanagatik zorionak eman dizkie Adolfo Muñoz "Txiki"k. "Gogora ezazue hau guztia antolakuntzan islatzera iritsi behar dugula, eta harro egoteko modukoa dela erakunde honen parte izatea, daukan guztia bere jendeari, klaseari eta duen Euskal Herriaren ulerkerari eskaintzen baitio".

 

Zorionak egin duzuen lanagatik.

Gaurko egunkariak irakurriz gero, ikusiko dugu bi ideia nagusitzen direla. Lehena, balorazio oso errepikakorra: deialdiak “porrot egin zuen”; bigarrena, deitzaileei kargu hartzea alternatibaren eta mobilizazioaren bide honi jarraitzen diogulako, eta eurek “elkarrizketa sozial” deitzen dioten horretan parte hartzen ez dugulako. Botereak ez ditu bere politikak auzitan jartzen, hauek porrot eginagatik, eta lana latz egin du mobilizazioak “alferrikakoak” direla erakutsi nahian. Botereak ere ez du parlamentuen funtzioa zalantzan jartzen, hauek ezdeusak izan arren erabakiak emanda datozkielako, eta ahalegin itzela egiten du mobilizazioa eta bera bultzatzen dugunok zikintzeko. Honek guztiak, baita diziplina bermatzeko hedatzen duten beldurrak, mobilizazio handiagoa izatea eragozten dute.

Hortik aurrera, ELAk uste du atzokoak balio handia duela. Mobilizatu egin ginen; arduradun eta militanteek beren onenak eman dituzte, sinetsi egiten baitute zeren alde ari diren lanean, eta ez dugulako mobilizazioa gerorako utzi nahi, hots, gauzak atzera bueltarik ez duenerako. Hots, funtsezkoa delako tinko eusten dion esparru kolektibo bat mantentzea. Izan ere, zer eskatzen digute? Utz diezaiegula lasai politika egiten; ez dadila alternatibarik plazaratu. Berriro diot: hori egiteak balio handia du. Balioa du, prozesu batean kokatzen delako. Balioa du, sindikatuak plazaratzen duen agenda sozialak, krisi politiko izugarri honen garaian, erreferentzia bat eskaintzen duelako, enpresetatik harago, baina baita hauen barnean ere, soldatak jaisteko ugazaben interesari kontra egiteko ondo lan eginez gero. Balioa du, eta hain zuzen hau da eurentzat mingarriena, agerian uzten duelako zenbateraino dagoen politika kapitalaren menpe.

Greba oso une larrian deitu dugu: langabezia hazten ari da; aurrekontu publikoek, zeharo murriztuta, areagotu egiten dute atzeraldi ekonomikoa, enplegu suntsipena eta desberdintasuna; Rajoyk pentsioetan aldaketa lazgarria egin du martxoaren 15ean; fiskalitateaz eztabaidatzeko unea iritsiko da, eta ez dakigu alderdi politiko bakoitzak zer jarrera duen, ez baitago aldaketa handietarako asmorik; soldatei arlo publiko zein pribatuan eraso egiten diete, eta (puntu benetan larria) Administrazioen defizita hamarren batzuk malgutzekotan dira, baina beste hainbat erreforma gogorren truke (pensioak, lan-legeria...). Azken honi buruz ELAk baino ez du azken hiletan hitz egin. Zer eskatzen zaio sindikatuari? Beste aldera begiratzeko?

Esparru bat defenditu beharra zegoela erabaki genuen, geure esparrua, eta posizio argia finkatu beharra zegoela horretarako. Bai baitakigu zenbateko garrantzia duen erreferentzia alternatiboak, mobilizazioarekin lotutakoak, jorratzeak eta zabaltzeak. Bai baitakigu esparru sozialak aldakorrak direla, eta galtzeko zorian egon daitezkeela, landu ezean. Bagenekien zaila zela; inoiz ez dugu esan erraza izango zenik, baina esparru kolektibo bat erreibindikatzea funtsezkoa da, eta greba orokor baten bitartez egiteak, baita Gutun Sozialaren erreferentzia lantzeak, alde baten eta bestearen edukiak eta jarrerak polarizatzeko aukera ematen du.

Une honetako bigarren ezaugarria gobernuen asmo nabarmen bat da (baita Gasteizkoarena ere, zeina sekula ikusi gabeko murrizketa sozial eta laboralak ezartzen ari baita): sindikalismoa integratu nahi dute, beraiei murrizketak eta soldata jaitsiera egiterakoan babesa eman diezaien, “elkarrizketa sozial”eko mahaietan nahiz balizko Lanbidearteko Akordioetan. Esaterako, hori da Eusko Jaurlaritzak ELArekiko duen jarrera oldarkorraren arrazoia. Patronala eta gobernua bat eginda ari dira lanean soldaten jaitsiera bultzatzeko. Madrilen, bitartean, CCOO eta UGT azken muturreraino ari dira eusten “elkarrizketa sozial”eko antzezpena zaputz ez dadin. “Ultraaktibitatea luzatzeko” ituna sinatu dute, ezertarako balio ez duena (eurek esan dute adabaki bat dela); pentsioen erreformarako adituen batzordean parte hartzen dute, eta honek besteak beste, Zapaterorekin adostu zuten pentsioen erreforma pikutara bidaliko du.

Azterketaz gainera, mezu honen helburua ELAko arduradun eta militanteei egindako lanagatik zorionak ematea da. Gogora ezazue hau guztia antolakuntzan islatzera iritsi behar dugula, eta harro egoteko modukoa dela erakunde honen parte izatea, daukan guztia bere jendeari, klaseari eta duen Euskal Herriaren ulerkerari eskaintzen baitio.

Zorionak guztioi!

Idazkari Nagusia

Txiki