Mobilizazio eguna, negoziazioan aurrerapausorik eman ez delako
Osakidetza mobilizazio betean dago gaur, SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek irailean iragarri zuten greba eta mobilizazio dinamikaren barruan. Osakidetzako kolektibo guztien lan-baldintzak hobetzea da helburua. Zehazki, elkarretaratzeak deitu dituzte lantoki guztietan: 11:00etan ospitaleetan eta 13:00etan Lehen Mailako Arretan.
Joan den urriaren 30eko lehen greba egunean gertatu zen bezala, langileak irmo ari dira Osakidetzari sakoneko hobekuntzak eskatzen. Langileak egiten ari diren presioak behartu du Osakidetza urratsak ematen hastera. Hala ere, sindikatuek joan den ostiralean egindako Mahai Sektorialaren ostean adierazi zuten bezala, aurkeztutako proposamenak ez dira nahikoak Lan Baldintzak Arautzeko Akordioa berritu gabe daramatzan ia bi hamarkadetako narriadurari erantzuteko. Hori dela eta, gehiengo sindikalak adierazi du aurreikusitako mobilizazio egutegiarekin aurrera jarraituko duela.
SATSEk, ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk profesionalen premien mailan egongo diren neurriak eskatu dituzte gaur ere, 17 urte baino gehiago beren lan baldintzak osorik eguneratu gabe egon ondoren. "Osasun Zerbitzu Publikoaren Zuzendaritzak eta Osasun Sailak negoziazioari bira eman behar diote, Lan Baldintzen Akordio berri baterantz aurrera egitea ahalbidetuko duten proposamen zehatzekin eta konpromisoekin", baieztatu dute.
Izan ere, adierazi dutenez, orain arte egindako proposamenek oraindik ez diete heldu funtsezko gaiei, hala nola erosahalmenari eusteari eta metatutako galerari (2010etik % 20tik gorakoa); urteko lanaldiaren murrizketari; aldi baterako enpleguaren egonkortzeari; lan kargen murrizketari; edo kanpora ateratako gastuaren itzulerari (Osakidetzak urtean 400 milioi euro baino gehiago bideratzen ditu). Era berean, ez da neurri zehatzik planteatu euskal osasun publikoaren antolaketa eredua eraldatzeko, pribatizazioak geldiarazteko edo Lehen Mailako Arreta indartzeko.
Gehiengo sindikalak ohartarazi duenez, abenduaren 2ko hurrengo mahai sektorialean aurrerapausorik ematen ez bada, abenduaren 9rako deitutako greba egunei eutsiko diete Araban, 10erako Bizkaian, 11rako Gipuzkoan eta 14rako Osakidetza osoan.
Osakidetza pausoak ematen hasi bada, plantilla mobilizatzen hasi delako dela ziurtatu dute. "Orain Osakidetzari eta Osasun Sailari dagokie haien proposamenak hobetzea eta akordio bat lortzeko beharrezkoak diren baliabideak eta konpromisoak mahai gainean jartzea", gaineratu dute.