EUSKARA ETA NEGOZIAZIO KOLEKTIBOA

Lan Harremanen Kontseiluak ez du aldi bereko itzultzailerik jarri Bizkaiko Metaleko negoziazio mahaian

Lan Harremanen Kontseiluak ez du aldi bereko itzultzailerik jarri Bizkaiko Metaleko negoziazio mahaian
Lan Harremanen Kontseiluak Bizkaiko Metaleko negoziazio mahaiko ordezkarien bizkar utzi ditu negoziaketa mahaiko hizkuntza-irizpideak. ELA Sindikatuko ordezkariek euskaraz egin dute. ELAk bere militante baten laguntza eta baliabide teknikoak eskaini ditu, baina FVEMek nahiago izan du ELA ez ulertu sindikatuaren laguntza jasotzea baino lehen.

ELAren iritziz onartezina da erakunde publiko batean oinarrizko hizkuntza eskubideak urratzea eta Eusko Jaurlaritzak beren itzulpen zerbitzua ez eskaintzea, horretarako aukera izanik. Hala ere, ELAk zenbait bileratan euskara hutsez egiteko erabakiak eragin du LHKren konpromisoa etorkizunean sektore-negoziaketetan “ahal denean” itzultzaileak izan daitezen.

Gaur, irailaren 3an, Lan Harremanen Kontseiluak (LHK) Bizkaiko Metaleko negoziaketa mahaiko ordezkarien esku utzi du hizkuntza-irizpideen gaineko erabakia eta ez du bere gain hartu aldi bereko itzultzaile zerbitzua jartzea. Hori gutxi balitz, ELA sindikatuak jarri behar izan ditu baliabide teknikoak eta laguntza militantea parte hartzaile guztien hizkuntza-eskubideak bermatu ahal izateko. Hala ere, FVEM patronalak uko egin dio laguntza honi eta nahiago izan du hainbat negoziatzailek ELAren azalpenak ez ulertzea.

Uztaila hasieran ELAk eskaria luzatu zion Lan Harremanen Kontseiluari, sektore mailako hitzarmenen negoziazioetan trebatutako aldi bereko itzulpen zerbitzua martxan jartzeko. Izan ere, euskaldunon hizkuntz-eskubideak bermatu ahal izateko, eragile ezberdinetako ordezkari guztiek euskara ulertu ezean, ezinbestekoa da kalitatezko itzulpen zerbitzua ematea euskaraz negoziatzeko aukera izan dezaten nahi duten ordezkariek. Proposamen hau ez da berria, izan ere, duela bi urte eskari bera egin baitzuen sindikatuak LHK-ri.

Erakunde publiko batek oinarrizko hizkuntz-eskubideak bermatzea norbanakoen edo negoziatzaileen eskutan uztea oso larria da. Era berean, LHK-ren jarrera kontraesankorra da, hizkuntzen trataera sindikatu eta patronalen esku utzi ondoren “ahal denean” itzultzaileen laguntza eskainiko duela esan baitu, laguntza horretarako eperik zehaztu ez duen arren. Hau da, bere ardura onartu du etorkizunari begira, baina epe laburrean hizkuntz-eskubideak urratzen jarraitzea erabaki du. Edonola, ELAk balorazio positiboa egiten du sindikatuaren ekimenari esker eztabaida ireki delako, oraindik ere LHK-n hizkuntz-eskubideak urratzen diren arren.

ELAren ustez egoera are larriagoa da kontuan izanik Eusko Jaurlaritzak eta beste erakunde publiko batzuek jadanik badutela aldi baterako itzulpen zerbitzua eta LHK-k behin-betiko konponbidea bilatu bitartean zerbitzu horien bitartez berma zitzakeela negoziatzaileen hizkuntz-eskubideak.

ELAren laguntzari uko egin arren, ELAk euskara hutsez aritu da. LABek euskarazko bere azalpena gaztelaniara itzuli ditu eta beste eragile guztiek gaztelaniaz egin dute. Euskara hutsean egiteko erabakiak behartu du LHK itzultzaileak jartzeko erabakia aztertzera. Iraganean eskaera egin zaioenean LHK-k uko egin dio baliabideak eskaintzeari, soilik negoziaketa zehatzetan gaztelaniaz aritzeari uko egin zaionean hasi du eztabaida. Eta negoziaketa zehatzetan euskara hutsean aritzeak ekarriko du baliabide horiek benetan ezartzea negoziaketa guztietan.

ELA Sindikatuak negoziatzaile guztiek beren hautazko hizkuntzan aritzeko eskubidea dutela berresten du eta Lan Harremanen Kontseiluari berriro eskatzen dio aldi bereko itzultzaile trebatuak eskaintzeko epeak eta baldintzak zehaztu ditzala, izan ere, ELAk ez du amore emango hizkuntza eskubideei dagokionez eta euskaraz negoziatzen jarraituko du.