Adegik ez du nahi akordiorik Gipuzkoako metalgintzan
Gipuzkoako Metal Hitzarmenaren Mahaiaren bigarren bilera egin da otsailaren 2an, eta ADEGIk bere proposamena aurkeztu du. Hona hemen proposamenaren puntu nagusiak:
· Indarraldia: 2 urte (2010 eta 2011). Eta hitzarmenaren aurrera-eragina kendu.
· Lanaldia 58 ordu/urteko luzatu. Otarteko 15 minutuak kendu, eta lan-egutegia araugabetu.
· Malgutasuna 65 ordutik 120 ordura (urtean) luzatu.
· Murrizketak lizentziak ordaintzean. Gaixotasun larriko lizentziak hartzeko trabak jarri.
· Soldata-igoera: 0.
· Murrizketak plusak ordaintzean (gauekoa; lan toxiko, gogaikarri eta arrikutsuetakoa).
· Antzinatasun-plusa ezabatu.
· Aparteko ordainsariak murriztu.
· Behin-behineko kontratazioaren ataletik zenbait arau kendu, besteak beste, obra-kontratuak, azpikontratazioa, eta abar.
· Langileen legezko ordezkarien eskubideak eta bermeak murriztu dituzte (ordezkarien orduak, afiliatuen % ari orduak ordaintzea, hiruhilekoan behin egiten ziren bilerak...)
· "Bake sozial”eko klausula sartu. Horren arabera ezin da grebarik egin hitzarmenak indarrean dirauen artean, ezta negoziazioko hurrengo 6 hilabeteetan ere.
ELAren iritziz, ADEGIk eskaintza onartezina eta zirikatzailea egin du. ADEGIk ez du nahi akordiorik, bestela ezin da ulertu bere jarrera. Malgutasun handiagoa, plusak murriztu edo kendu, eta luzaroan eta kostata lortutako hobekuntzak kolpe batez suntsitu nahi ditu .Eta erramua emateko, lanaldia 58 ordutan luzatu, eta soldatak igo barik laga. Oraingo egoera oso larria da langile gipuzkoarrentzat. Milaka langile erregulazio-espediente ugarien eraginpean daude, benetan kezkatuta bihar-etzi zer gertatuko ote den beren buruari galdetuz.
Egoera honetan ere ADEGIk onura atera nahi du besteen gaitzetik. ELAren esanetan, ADEGIk ez du Metal Hitzarmena negoziatu nahi, ADEGIk ordeztu nahi du Langileen Estatutuarekin. Gipuzkoako langile metalurgikoak 50 urte atzera bidali nahi ditu. Sektorea babes gabe eta arau gabe utzi nahi du, eta enpresak bakartuta kasuan kasuko enpresariaren nahierara.