Langabezia biztanleria aktiboaren jaitsieragatik murriztu da

2014/10/23
npleguaren kalitatea gero eta okerragoa da lanaldi murriztuaren eta behin-behinekotasunaren hazkundeagatik.

Gaur argitaratu dira 2014ko hirugarren hiruhilekoaren Biztanleria Aktiboaren Inkestaren datuak. Hauek dira ondorio nagusiak:

  • Biztanleria langabetua jaitsi egin da Hego Euskal Herrian 201.200 pertsona izateraino, hau da, duela urte bete baino 25.200 gutxiago.

  • Langabezia tasa oso altua da, %15,1ekoa, 28-EBeko bataz bestekoa baino 5 puntu altuagoa, soilik Ziprek, Kroaziak, Espainiar Estatuak eta Greziak dute tasa altuagoa.

  • Biztanleria aktiboaren jaitsiera oso larria da. Azken urtean 18.700 pertsona gutxiago daude (enplegua dutenak edo modu aktiboan bilatzen dutenak).

  • Prekarietatea gero eta handiagoa da. Behin behineko lana dutenak 12.500 pertsona gehiago diren bitartean, lan mugagabea dutenak 9.000 gutxiago dira.

Datu hauek ez dutela enpleguaren hazkundea edo errekuperazioa suposatzen adierazten du ELAk. Langabeziaren jaitsiera biztanleria aktiboaren jaitsieragatik ematen da gehien bat (hein haundi batean atzerrira joatera behartuta ikusten den jendeagatik eta lana era aktiboan bilatzeari uzten diotenengatik).

Soldatapeko biztanleria 3.500 pertsonatan hazi da azken urtean. Baina enplegu mugagabea dutenak 9.000 gutxiago diren bitartean, behin-behineko kontratua dutenak 12.500 gehiago dira. Gainera 2014an zehar egindako kontratu guztien %37a lanaldi murriztua izan da (enplegu zerbitzuen datuen arabera).

Onartezina da irakurketa positiboak eta engainagarriak egitea enpleguaren errekuperazioaz hitz eginez. Bai krisia eta baita enpleguaren egoera ere gure gobernuek egiten dituzten politika kapitalisten ondorio dira, beraz, egoera aldatzeko politika hauek aldatu beharra dago.