AMIANTOA PATRICIO ECHEVERRIAn (LEGAZPI)

Justiziak langile baten emaztearen alarguntza-pentsioaren gaineko % 30eko prestazio-errekargua aitortu du

Justiziak langile baten emaztearen alarguntza-pentsioaren gaineko % 30eko prestazio-errekargua aitortu du
Epaiak CIE Automotive S.A. eta Sidenor Aceros Especiales S.L. enpresak kondenatu ditu, Patricio Echeverria Legazpiko enpresaren ondorengoak direlako.

Donostiako Lan Arloko 3 zenbakiko Epaitegiak, urtarrilaren 26an emandako epaian, % 30eko prestazio-errekargua aitortu dio Patricio Echeverria (Legazpi) lantokiko langile ohi baten emazteari, amiantoaren eraginpean egoteagatik lehendik jasotzen zuen lanbide-gaixotasunaren ondoriozko alarguntza-pentsioaren gainean.

Ebazpen judizialaren arabera, egiaztatuta dago hil zen langilea amiantoarekin kontaktuan egon zela 1969tik 1993ra arte. Gainera, ez zuen izan eskura amiantoaren aurkako babes-neurririk, nahiz eta neurri horiek 1940tik indarrean zeuden.

Hildako langilea makinen eta labeen mantentze-lanetan ari zenean, ohikoa zen zapatak eta balaztak manipulatzea, baita labeak garbitzeko lanak egitea ere. Bada, lan horietan etengabe zeuden amiantoarekin kontaktuan eta rotaflexarekin eta maskararik gabe manipulatzen zituzten. 40ko hamarkadaz geroztik legeak enpresak behartzen zituen langileak amiantotik eta giro leungarritik babestera. Lantoki honetan, ordea, ez zen legea betetzen. Epai horrek lekukoen deklarazioak aztertu ostean dator epaia eta OSALANek eta Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak zehaztutakoa berretsi du.

Enpresen ez-betetzeen artean, epaiak frogatutzat jotzen du laneko arropa etxean garbitzen zela, ez zela informaziorik eta prestakuntzarik ematen amiantoari eta amiantoak osasunean dituen ondorio kaltegarriei buruz, eta ez zela amiantoarekin lotutako arriskuen ebaluaziorik egiten. Enpresak ere ez zuen neurketarik egiten aireko amiantoaren kontzentrazioa jakiteko, eta ez zuen airea ateratzeko sistema lokalizaturik instalatuta. Enpresa horretan ez zegoen garbiketa-planik hautsak edo amianto-zuntzek ingurunean duten eragina minimizatzeko, ezta txandakatze-sistemarik ere, pertsona horiek amiantoaren eraginpean etengabe egon ez daitezen.

Bidelagun Fundazioa eta ELA pozik agertu dira garaipen judizial horrekin. Bide beretik, gogorarazi dute amiantoak eragindako lanbide-gaixotasunak gero eta gehiago direla eta ia dimentsio pandemikoa dutela. “Arrazoia argia da: ez dago kontrol publiko nahikorik eta XX.mendean enpresek ez dituzte segurtasun neurririk hartu, zoritxarrez, epai honek berriro ere erakutsi duen bezala”, salatu dute.