Maiatzaren 21ean lanuzte berri bat Lanbiden

2015/05/13
Maiatzaren 21ean lanuzte berri bat Lanbiden
Datorren ostegunean, maiatzak 21, beste greba-egun bat egitera deitu dituzte Lanbideko langileak. Bitartean, eta ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuotako ordezkariek, bilera bat egingo dute datorren astelehenean —maiatzak 18— Lan sailburu den Angel Toñarekin.

Sindikatuen oharra:

Eusko Jaurlaritzak eta Lanbidek berak gatazka konpontzeko batere borondaterik erakutsi ez dutenez, lau sindikatuok —ELA, UGT, CCOO eta LAB— beste greba-egun batera deitzeko beharrez egon gara.

Martxoko hiru greba-egunen ondotik gobernuak ez digu deitu gatazkari konponbidea bilatzeko. Uneotan, lau sindikatuok batera eramanda, auzitan daude Lanpostuen Zerrenda partzialaren onespena eta lanpostuak berriro esleitzeko prozedura.

Gainera, lau sindikatuok adostu eta erabaki dugu, langileen batzarretan, gatazka modu mugagabean iraunaraztea; eta horretarako, datozen hilabeteetan erreibindikazio-ekintzak eta greba-deialdiak plazaratuko ditugu.

Bitartean, eta 4 sindikatuon ekimenez, bilera bat egingo dugu datorren astelehenean —maiatzak 18— Lan sailburu Toña jaunarekin. Berriro eskatuko diogu zuzenean parte hartzeko, eta egoera onbideratzeko, zeren oraingo egoera gogoz kontrakoa eta desegokia da, bai Lanbideko langileentzat, bai kalitatezko zerbitzu batentzat.

Sailburu-karguaz jabetu ondoren bilera bat izan genuen Toña jaunarekin, eta orduan gai hori gogoan hartuko zuela esan zigun. Harez geroztik ez dugu berririk jakin. Ordutik hona progapanda-agerraldiak ikusi ditugu komunikabideetan akordiorik ezaren errua sindikatuei leporatuz, eta Lanbideko langileei elkartasun ezaren akusazioa eginez.

Toña jaunari lidergo-gaitasuna erakusteko eskatzen diogu, eta Lanbideko sindikatuekin konponbide adostu bat bultzatzeko; Lanbide erakundea haren ardurapean baitago. Osterantzean, haren aldarriak, euskal negoziazio kolektiboaren arazoak konpontzekoak, ez dira batere sinestekoak izango.