ELAk suhiltzaileen legea erretiratzeko eskatu du Euskal Funtzio Publikoko Kontseiluan

2015/07/21
ELAk suhiltzaileen legea erretiratzeko eskatu du Euskal Funtzio Publikoko Kontseiluan
Gaur Euskal Funtzio Publikoko Mahaia bildu da; bertan EAEko lehen Suhiltzaile Lege Proiektua aurkeztu da. Eusko Jaurlaritzak aldebakarrez landu du Lege Aurreproiektu hau, suhiltzaileekin eta beraiek ordezkatzen dituzten sindikatuekin ezertarako ere kontatu gabe. Bileran, edukietan sartu aurretik, Gobernuaren jarrera salatu du ELAk.

ELAko hiru ordezkariek, beste sindikatuetako ordezkariek bezala, aurkako bozka eman duten arren, Eusko Jaurlaritza eta hiru Foru Aldundien aldeko bozekin, aldeko txostena egingo du Kontseiluak. Bitartean, beste behin ere, ehunka suhiltzailek protesta egin dute kalean, Lege honen tramitazioaren aurka.

Edukiaren inguruan, ondorengoa adierazi du ELAk:

1.- Lege honen helburua, suhiltzaile zerbitzu publikoa pribatizatzea da

2.- Lan baldintzen prekarizazioa ekarriko du. Lanaldi partzialak sustatzen dira eta interinitateari ez zaio inongo mugarik jartzen.

3.- Ez du suhiltzaile zerbitzuaren funtzioak eta helburuak zeintzuk diren argitzen, administrazioaren diskrezionalitatea indartuz.

4.- Koordinazio komisioan, langileen ordezkaritza guztiz testimoniala da.

5.- Formakuntzarekin ere negozioa egiteko ateak zabaltzen dira.

6.- Ez dago multzoen berklasifikazio automatikoa.

Beraz, hau guztia kontutan hartuta, ELAk, lege aurreproiektu hau berehala erretiratzeko eta prozesua berriro hasteko exijitu du. Eusko Jaurlaritzak eta hiru Foru Aldundietako ordezkariek, langileen aldarrikapenei entzungor egin diete eta Lege aurreproiektuaren alde bozkatu dute.

Pasa den uztailaren 13an, argi geratu zen suhiltzaile langileen artean Lege aurreproiektu honek sortu duen haserrea eta kontrako jarrera. Kontzentrazio hartan 500 suhiltzailetik gora egon baikinen. Oraingoan ere, ehunka suhiltzailek kontzentrazioa egin dute Lakuan bilera egiten ari zen bitartean, egiten ari diren aurreproiektu hau, ez dela ez suhiltzaileek ezta euskal gizarteak behar duena ikusarazteko eta berehala erretira dezatela exijitzeko.

ELAk, Lege proiektu hau bertan behera uzteko eta benetan zerbitzu publiko indartsu bat bermatuko duen suhiltzaile Lege baten alde borrokan jarraituko du.