ELAk oso positibotzat jo du greba, eta mobilizatzen jarraitzeko deia egiten du
Hiru egun hauetan, grebak agerian utzi du Hezkuntza Departamentuak ezkutatu nahi duen errealitatea. Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak berak eta Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak Baluarten egindako 2030 Forora ez joatea erabaki zuten, bertan "Espainiako Estatuko LH onenaren" irudia saldu nahi bazuten ere. Bi agintarien faltak lotsa eta porrota islatzen du haien kontakizunean, egunero "Lanbide Heziketa ideal" horren beste aldea bizi duten irakasleen eta ikasleen erantzun sendoaren aurrean: mukuru beteriko ikastetxeak, irakasleen gainkarga eta merezi duten arreta jasotzen ez duten ikasleak.
ELAk langileen parte hartzea eta konpromisoa azpimarratu ditu greba eta mobilizazio egun hauetan, euren ahaleginari eta ahotsari esker LHko gatazkak agenda publikoan merezi duen lekua hartzea lortu baitute. Mobilizazio honi esker, berriro erakutsi da borroka kolektiboa dela kalitatezko hezkuntza publikoa defendatzeko bidea.
ELAk irakasleen eskubideak defendatzen jarraitzeko prest dagoela berresten du, eta mobilizatzen jarraitzera animatzen du, Nafarroako Gobernuak erantzukizuna bere gain hartu eta Lanbide Heziketako lan eta hezkuntza baldintzak hobetzeko benetako eta premiazko neurriak hartu arte.