Pobrezia eta gizarte prestazioak

Errenta Bermatua ahultzen ari da pobrezia handitzen ari den bitartean

2026/04/16
Errenta Bermatua ahultzen ari da pobrezia handitzen ari den bitartean
Alde batetik, zenbatekoa %50 baino gehiago handitu beharko litzateke LGSaren erreferentzia berreskuratzeko. Eta bestetik, behar duten pertsona guztiek prestaziora sarbidea izan dezaten bermatu behar da, izan ere, bazterketa larrian dauden pertsonen kopurua handitzen ari den bitartean, Errenta Bermatuaren onuradunen kopurua gutxitzen ari da.

Gizarte prestazioak funtsezko tresna dira gizarte justuagoa eta berdintasuna bermatzeko. Gutxieneko diru sarrerak bermatzen dizkiete arrazoi ezberdinengatik bizitza duina garatzeko zailtasunak dituztenei.

Nafarroan, helburu horrekin dagoen gizarte prestazio nagusia Errenta Bermatua da. Prestazio hau 1999an ezarri zen Oinarrizko Errentatik dator, HEL baten ondorengo mobilizazio sozialak eta greba orokorrak bultzatuta. Ordutik hainbat aldaketa izan ditu (izen aldaketak ere), eta murrizketa handiak ere izan ditu: larriena 2012an gertatu ziren, PSN departamentuaren buru zela, UPNrekin gobernatzen ari zenean.

2016an gaur egungo Errenta Bermatua arautzen duen Foru Legea onartu zen, eta araudi horretan ere murrizketa garrantzitsua egin zen: prestazioaren oinarrizko zenbatekoa LGStik bereizi zen. 2016an LGSa hilean 655,2 eurokoa zen, eta prestazioa kalkulatzeko oinarrizko zenbatekoa 600 eurotara murriztu zen.

Urteekin murrizketa hori areagotu egin da. Gaur egun, Errenta Bermatua eguneratzeko, Nafarroako KPIaren igoeraren eta Nafarroako batez besteko soldaten igoeraren artean handiena dena hartzen da kontuan. Horrek eragin du 2016an egindako murrizketa bikoitza (LGSaren erreferentzia kentzea eta zenbatekoa jaistea) urtez urte biderkatzea.

Duela gutxi Nafarroako Gobernuak Errenta Bermatua kalkulatzeko oinarrizko zenbatekoa eguneratu du: 2026an 810,83 eurokoa izango da, eta LGSa, berriz, 1.221 eurokoa. Hau da, zenbatekoa %50,6 handitu beharko litzateke LGSaren erreferentzia berreskuratzeko.

Beste alde batetik, urteak igaro ahala, Errenta Bermatuaren irismenari buruzko balantzea egin daiteke. Eta errealitatea da pobrezia eta gizarte desberdintasuna handitzen ari diren testuinguru batean, Errenta Bermatua gero eta jende gutxiagorengana iristen dela.

Gizarte bazterketak 88.000 pertsonari eragiten die Nafarroan, eta bazterketa larria %2,6tik (2018an) %7,9ra igo da (2024an). Aldi berean, Errenta Bermatua jasotzen duten pertsonen kopurua murriztu du. Are gehiago, 2021ean 42.000 pertsona baino gehiago ziren onuradunak, eta 2024an 36.300 pasatxo.

Laburbilduz, Errenta Bermatua ez da behar duten pertsona guztiengana iristen, eta jasotzen dutenak gero eta pobreagoak dira. Pobrezia handitzen den bitartean, Errenta Bermatua ahultzen ari da.