ELAk doitasuna eskatzen dio Hezkuntza Sailari Bigarren Hezkuntzako eta LHko zerrenden kudeaketan eta ez baztertzeko masterra duen inor

2017/06/26
Onartezina bere garaian titulazioa aurkeztu zutenak orain bazterturik geratzea eta gorako helegiteak aurkeztu behar izatea.

ELAk doitasuna eskatzen dio Hezkuntza Sailari Bigarren Hezkuntzako eta LHko zerrenden kudeaketan eta onartezintzat jotzen du bere garaian titulazioa aurkeztu zutenak orain bazterturik geratzea, zerrenden eta dokumentazioaren kudeaketa txarra dela-eta, eta gorako helegiteak aurkeztu behar izatea.

ELAk gogorarazi nahi du Bigarren Hezkuntzan klaseak emateko derrigorrezkoa dela masterra edo CAP 2006tik, baina urteetan zehar Hezkuntza Sailak okerreko informazioa zabaldu du, eta titulurik gabe zerrendetan sartzen utzi du

Egia da akats hau zuzentzeko garaia zela, baina egin den kudeaketa zentzugabekeria izan da: ELAk salatu nahi du langile batzuk baztertu dituztela nahiz eta epe barruan (eta hiru aldiz ere) titulazioa aurkeztu duten, eta orain gorako helegiteak aurkeztu beharko dituzte beraien eskubideak zapal ez daitezen; baina argi dago ekaineko esleipenetan ez direla egongo, eta ez dakite irailean aukerarik izango ote duten bakanteren bat lortzeko.

ELAk ez ditu ahaztu nahi masterrik gabe sartu ziren langileak, departamentuaren informazio zuzenarekin sartu zirenak, honek animatzen baitzituen “interino izateko ez baitzen derrigorrezkoa masterra”. Honekin guztiarekin, langile askok erabaki zuten dirutzarik eta denborarik ez inbertitzea masterrean, nahiz eta berez, titulazioa derrigorrezkoa izan eta horrela komunikatu behar izan zuen Departamentuak. Baina ez zuen egin; langile hauek erabili egin zituen eta orain baztertzen ditu bidezko eperik eman gabe.