ELAk salatu du esklabismoa herri lanetan, erakundeek beste aldera begiratzen duten bitartean
Legeriarik oinarrizkoena ere ez aplikatzea dela egoeraren lazgarri honen arrazoia, adierazi dute ELAko ordezkariek Bilbon. Luis Fernandez, industria eta eraikuntza federazioko idazkari nagusiaren ordekoa eta Igor San Jose, Joxean Martin eta Roberto Salgado Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako arduradunek hartu dute parte lan publikoen egoerari buruzko prentsaurrekoan.
Krisiaren aurretik bazegoen gaitz bat azken urteotan izugarri hedatu dena: Soldatak 5 eta 7 euro bitartekoak lan egindako ordu bakoitzeko, lanaldi amaigabeak, lan-segurtasun eta osasuneko neurririk ez hartzea, ezin gehiagoko erritmoak, eta abar luze bat. Horixe da eraikuntzako langileen egunerokoa. Gure herrian ditugun 237.000 langabeak xantaiarako erabiltzen dituzte etengabe: “gaur nik esaten dizudana egiten ez baduzu, bihar ez etorri”.
ELAren iritziz aipaturiko egoera berez larria bada, obra edozein izanik ere; diru publikoaz egiten den obren kasuan larritasunaren oihartzuna biderkatzen da. Obra partikularretan Lan Ikuskaritzaren utzikeria nabarmena da, nahikoa izaten da edozein obratara sartzea horretaz berehala konturatzeko. "Baina herri-lanen kasuan, utzikeria orokor horretatik jauzi egin, eta obrak esleitzen dituzten erakundeen arduragabekeriaraino iristen gara. Egoera batzuetan are ilunagoa da, eta esklabotza hutsezko kasuak aurki daitezke, eta zenbaitetan heriozko istripuak ere gertatzen dira".
ELAk azaldu du prozedura beti berbera izaten da:
-
Administrazio jakin batek lehiaketa irekian eskaintzen du obra. Enkantearen zenbatekoa azterketa tekniko baten ondotik finkatzen da.
-
Hortik aurrera hasten da enkante makabroa. Enpresak, normalean UTE (aldi baterako enpresa-elkartea) moduan eraturik, hasten dira lehian.
-
Eskudun erakundeak hainbat irizpide kontuan hartuz esleitzen du obra, baina irizpideen artetik ekonomikoa giltzarri da.
-
Azkenean obra esleitzen den prezioa enkantearen baldintza-orrietakoaren %20, %30 eta are %50 ere merkeagoa izaten da.
-
Eta hortxe hasten da langileen zapalkuntza. Lanaren premia larria duten langile azpikontratatuek —jota izuturik— esklabotasun-garaiko baldintzak onartu behar dituzte. Burutze-epeak ezinbestez bete behar dira, halako errepide bat edo horrelako eraikin edo futbol-estadio bat egun jakin batean inauguratu behar delako, non garaian garaiko politikaria argazkian agertu behar den.
-
Kasuan kasuko erakundeak harro-harro jakinarazten du obra uste zen preziotik behera esleitu duela, herri-ogasunaren onerako. Erakundeek eta enpresek elkar adituz jokatzen dute. Denek dakite zer gertatuko den. Denek dakite diru publikoaz zein nolako enplegu prekarioa sortuko den.
-
Eta langile bat hiltzen denean, denek adieraziko dute beren dolumina.
Azkenaldian, tankera bereko kasu asko ikusi ditu ELAk. Hona hemen lau bakarrik:
-
San Mames Barria.
-
Donostiako Tabacalera eraikina.
-
Gasteizko autobus-geltokia.
-
Abiadura Handiko Trena.
Urteak dira ELAtik horrelako kasuak salatzen eta konpontzen saiatu garela. Orain dela urtebete agiri bana aurkeztu genuen lurralde bakoitzeko batzar nagusietan, “errusiar erruleta” hori bertatik kanporatzeko. Konponbidearen giltza obrak esleitzen dituzten erakundeen borondate politikoan dago. Gure proposamenak hiru puntu nagusi ditu:
-
Baldintza-orrietan eginbehar bat gehiago sartzea: hitzarmen kolektiboak eta indarrean dauden gainerako legeak bete behar izatea.
-
Aurreko puntua betetzen ez duten enpresei zigor zentzagarria ezartzea.
-
Obra-tokian arretaz zaintzea ea esandakoa betetzen den.
Erraza dirudi, baina ez dator bat obrak mauka-prezioan esleitzearekin. Esleipen-prezioak merkatzea eta mota guztietako ez-betetzeak eskutik datoz.
ELAren agiri hori aurkeztu ondoren, hona hemen erantzunak:
-
Bizkaia: ez dira harremanetan jarri ELArekin, ez Aldundiko inor, ezta talde batzarkide bat ere.
-
Araba: ez dira harremanetan jarri ELArekin, ez Aldundiko inor, ezta talde batzarkide bat ere.
-
Gipuzkoa: Aldundiaren erantzun positiboa jaso genuen, eta zenbait hilabetetan eztabaida izan ondoren, uztailaren 9an, foru-arau bat onetsi zen (Bildu, Aralar eta PSEren aldeko botoez), non gure eskakizunetako asko jasotzen den, eta guk ondo deritzoguna. Arazoa, orain, obren jarraipenean datza.
LANEKO ISTRIPUAK
Esan dugun moduan, laneko istripuak politika horien ondorio dira. Herri-lanetako istripu kopuruak zenbatzeko moduan izan daitezen ez dira bereizten. Eraikuntzan hedatuta dagoen prekarietatea zenbatekoa den azaltzeko datu bat aski da. Sektorean gertatzen diren istripu hilgarriak arazo askoz orokorrago baten adierazpenik argiena dira, iceberg baten gailurra besterik ez.
-
EPEALDIA
LANEKO ISTRIPUETAN HILDAKOAK
2010-2013
40 PERTSONA
ELAk dei egiten die administrazioei honako hau egin dezaten:
-
Herri-lanetako lehiaketak plazaratzen direnean, baldintza-pleguetan klausulak sartu behar dira Lurralde-Hitzarmenak beteko direla, erreforma laborala aplikatu gabe, eta obra guztian, azpikontratetan barne.
-
Plegu horietan gainerako legeak betetzeko konpromisoa hartu, batik bat Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko arauak.
-
Betebehar hauek aintzat hartzen ez dituzten enpresentzako zigor eredugarriak ezarri.
-
Klausula hauek betetzen direla kontrolatzeko beharrezko diren mekanismoak sortu.
-
Herri-lanak esleitzerako kalitatea eta baldintza sozial eta laboralak hobetzeko irizpideak erabiltzea, ez ekonomikoak, hau baita arazoaren jatorria.