Langile bat zendu da gaur goizean lan istripu baten Nafarroan
Langile bat hil da gaur goizean Nafarroan; hildako laguna Harianas Guria enpresako langilea zen. Dagoeneko zortzi dira aurten Nafarroan hil diren langileak. Ezbehar berri hau salatzeko ELA, LAB, ESK, CGT eta STEE-EILAS sindikatuen honako komunikatu hau aurkeztu dute.
LAN ISTRIPUTAKO HERIOTZAZ ASKI DA
Duela bakarrik aste bete Urrotzen beste langile bat lan istripuan hil zen. Gaur beste lan istripu bat izan da, eta ondorioa berriz heriotza. Beste langile batek bizitza galdu du, patronalaren interes ez-zilegiek eta administrazioen ezgaitasunak langileei jokarazten dien heriotzazko jokoan.
Arizalanan gertatutako lan istripu honekin, dagoeneko urte honetan 8 hildako izan dira. Oraingo honetan Fermin, 37 urtekoa hil da, poleak dauzkan makina batean harrapatuta Harinas Guria enpresan. Istripua nola gertatu zen eta langileak zein baldintzetan lanean ari ziren momentuz informazio gutxi dago. Ikerketa sakon bat egin beharko da istripuaren zergaitiak aurkitzeko. Baina bitartean gauza bat argi esan dezakegu: hildakoak beti langileak izaten dira.
Horregatik berriro lan istripu bakoitzaren atzean dauden arduradunak seinalatu nahi ditugu, kasu honetan industrial-sektoreko zenbait enpresari arduradunak dira, haiek baimentzen baitute langileek arrisku baldintzak jasatea. Orain ere seinalatu nahi ditugu enpresari diruzale hauek, segurtasun neurriak ez hartzearen arduradunak direlako, baita Administrazioa ere segurtasun neurrien errebisio zorrotza egiten ez duelako.
Guzti hau dela eta, LAB, ELA, ESK, CGT, eta ESTEE-EILAS-ek langile, delegatu eta hiritar guztioi deitzen die, joan daitezen Martxoaren 16an, eguerdiko 12-etan Nafarroa behera kalean (Lizarra) egingo den elkartaratzera, azken lan istripu hau salatzeko