SEA-k geldiarazi du Arabako metalaren negoziazioa, Madrilgo "opariak" noiz helduko zain

2011/05/10
SEA-k geldiarazi du Arabako metalaren negoziazioa, Madrilgo "opariak" noiz helduko zain
SEA-k hitzarmen-proposamen bat egin du Arabako Metalerako maiatzaren 9an. Proposamen horretan Patronalaren sektorerik zaharkituenen asmoak jasotzen dira. SEA-k 3 urteko hitzarmena nahi du, soldata-igoerarik gabe eta 15 ordu gehiagoko lanaldiaz.

Bestalde, ez du aukera galdu esateko, soldatetan igoerarik izatekotan, KPIrekin lotzea baino, enpresa-etekinekin lotu beharra dagoela.Aipaturikoaz gain, SEAk proposatu du gaur aurrera-eragina 6 hilabetera mugatzea.

ELAren ustez oraingo garaia larria da Arabako Metal Hitzarmenerako, galzorian baitago. Argi dago proposamen horren atzean dagoen asmoa akordioa zapuztea dela, eta Madrildik etortzeko diren onuren zain geratu. Alde batetik, negoziazio kolektiboaren erreforma; eta beste aldetik, sinatzeko prest dagoen Estatu-mailako lehenengo Hitzarmena. Arabako Enpresarien Elkargoak gauza bat dauka oso argi: aurrera-eragina mugatuz gero, Arabako Hitzarmena desagertuko da, eta horren ordez Estatu-mailako Metal Hitzarmena jarriko da indarrean, Madrilen CCOO eta UGT negoziatzen ari direna. Baina Arabako Ituna berez nahiko urria baldin bada, Madrilgoa askoz txarragoa izango da zalantzarik gabe.

ELArentzat oso-oso larria da arabar metalgileen baldintzak Madrilen beste batzuek sinatzen dutenaren menpe geratzea. CCOOek eta UGTk azaldu beharko lukete hemen, zer ari diren negoziatzen Madrilen; bistakoa baita Arabako metalgileen kalterako izango dela.

ELAren Metal Federazioarentzat, SEAren proposamena benetako probokazioa da, krisiaren astuna hilean 1000 € eskas irabazten duten langileen lepo utzi nahi baita.